Bortzirietako Euskara Mankomunitatea begiraleen lan poltsa osatzea erabaki du. Lan poltsa horretatik sortuko den zerrenda nagusiki udaleku irekietan lan eginen duten begiraleak kontratatzeko erabiliko da.
Bi motatako lanpostuak izanen dira. Batetik, begirale arduradunen lan poltsa eginen da. Horretarako beharrezkoa da 18 urte beteak izatea, eta batxilergoko edo goi mailako lanbide heziketako (edo horien baliokide den) titulazioa izatea. Bertzetik, begiraleen lan poltsan parte hartzeko nahikoa izanen da 16 urte beteak izatearekin, eta DBH edo horren baliokide izan daitekeen titulazioa aurkeztearekin. Lan poltsari buruzko xehetasun guztiak mankomunitateak onartu dituen oinarrietan zehazturik daude, eta www.bortziriak.org web orrian ikus daitezke, edo 948634125 telefonora deitzen ahal da dokumentu hori eskatzeko. Izen eman nahi duenak maiatzaren 18ko 12.00ak arteko epea izanen du. Bertzalde, lan poltsan parte hartzeko probak maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean izanen dira. Bi egunetan probak 15:30ean hasiko dira, eta Berako Beralandetan izanen dira.
Berriki aisialdiko begiraleek 10 orduko ikastaroa egin dute, hiru saiotan banatua. Lehen saioan Udalekuetan hezkidetzan hezten gaia jorratu dute, bigarrenean Haur heziketa udaleku irekietan eta azkenekoan, apirilaren 28an egin zena, Aisialdiko hezitzaileen eginkizuna hizkuntza normalizazioan.