Elkarrizan boluntarioen elkartea Beratik Lesakara zabaldu da

TTIPI TTAPA 2012ko maiatzaren 2a

Elkarrizan taldeko boluntarioak Andra Mari Zahar Etxean egindako aurkezpenean. Utzitako argazkia

Laguntza lanak egiten ditu Elkarrizan taldeak

Beran egiten duen lana Lesakan ere egiteko asmoarekin apirilaren 17an jendaurrean aurkeztu zuten Elkarrizan boluntarioen taldea Lesakako Andra Mari Zahar Etxean.

Alfonso Obeso aspaldian ari da boluntario­tzan lanean Lesakan eta Elkarrizanen baitan eginen dira lan horiek hemendik aitzinera. Obesorekin batera, Maria Isabel Zugarramurdi, Ladislav Covaric, Margarita Susperregi, Maria Gago eta Jose Mari Irazoki izan ziren aurkezpenean, baita Marian Biurrarena Elkarrizan taldeko ordezkaria eta Jokin Apezetxea Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikaria ere.

Aurkezpenarekin, zahar etxeko bizilagunek aurpegia jarri zioten boluntario lanean ari direnei eta horretaz gain, Elkarrizanek eskaintzen duen zerbitzuaren eta bere funtzionamenduaren be­rri izan zuten. Elkarrizan elkarteak laguntza lanak egiten ditu, zahar etxean­ bertan edo paseatzerako orduan, mahai jolase­tan, mandatu ttikiak egiteko, medikura joateko edota txan­goak­ egiteko eta ez ditu ordainduak diren bertze lan batzuk ordezkatu nahi. «Zahar Etxean daude­nen bizi-kalitatea hobe­tzera bideratutako zerbi­tzu osagarriak eskain­tzea da helburua», adie­ra­zi zuten aurkezpenean­. Behin aurkezpena eginda, eskaera-orri bat utzi zuten Elkarrizan elkartekoek, zahar etxeko bizilagunek, senideek edo zu­­zendaritzak bete­tze­ko eta nahi diren la­gun­tza motak zehazteko.

Elkarrizan elkartearen bertze helburuetako bat aisialdirako ekitaldiak (kultura, musika…) zahar etxera hurbiltzea da. Honela, Emaitza antzerki taldearen boron­da­teaz­ baliatuz, umorezko antzezlana eskaintzekoa zuten Lesakako zahar etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun