Zilarrezko Ezteiak egin ditu aurten Berako Abesbatzak, eta 25. urteurren hori gogoan, hainbat ekimen antolatzeko asmoa du. Alde batetik, hamahiru abestiko diskoa grabatu du, batzuk a capela eta bertzeak perkusioekin, txistuarekin eta musika bandarekin kantatuz. Disko horren aurkezpena larunbat honetan, hilak 5, eginen du, 19:30etik aitzinera Kultur Etxean kontzertua eskainiz. Emanaldiaren ondotik, diskoak sei eurotan salduko dituzte eta gerora ere, herriko hainbat tokitan eta beharbada eskualdean ere erosteko aukera izanen da.
Argazki erakusketa ere prestatu dute 25 urteak bilduz. Larunbat honetan zabalduko da, Iamotenean, eta 21:00etatik 22:00etara ikusgai egonen da. Hilaren 13ra arte egonen da zabalik, 19:00etatik 21:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era.
Egun haundia
25. urteurreneko ospakizun haundia ekainaren 3an eginen da. Goizean, Berako hainbat musika taldek dianarekin karrikak alaituko dituzte eta denak udaletxeko plazan elkartuko dira. Talde bakoitzak bere abestia eskainiko du gero, eta 12:45 aldera hasiko da ekitaldi nagusia. Bi bertsolarik ongietorria emanen dute eta ondotik, Abesbatzak Agurra kantatu eta Gure Txokoako dantzariek dantzatu eginen dute. Berako Abesbatzaren txanda izanen da segidan, eta abesbatzako kide ohiek eta jubilatuen abesbatzakoak ere parte hartuko dute emanaldian.