Maiatzaren 1ean ireki zen arrantza denboraldia eta goizaldeko 04.00etarako dagoeneko hasiak ziren arrantzaleak Endarlatsa ingurura hurbiltzen, izokin arrantzarako txanda hartzeko. Aurtengo Lehendabizikoa goizeko 08:25ean arrantzatu zuen Argedasko José Bronte Mayor, 34 urteko arrantzaleak. 6,540 kilo eta 82 zentimetroko luzera zeukan lehen izokinak.
José Bronte, Angel bere anaiarekin eta Oscar Mendoza lagunarekin, goizeko 04:30erako Endarlatsan zegoen. Zortzi urte daramazkite Erriberatik Bidasora hurbiltzen, baina lauzpabortz aldiz arrainak kainaberari autsiki egin badie ere, lehenbiziko aldiz lortu dute izokina arrantzatzea. «Lehenbiziko asteburua Beran ematen dugu, baina gero, egun baterako etortzen gara. Ilusio handia egiten du izokina harrapatzeak, eta Lehenbizikoa bada, zer erranik ez. Soldata extra polita da», zioen José Brontek. Izan ere, Donostiako Rekondo jatetxeko Txomin Rekondok 1.600 euro ordaindu zituen Lehenbizikoarengatik. Joan den urtean ere berak eskuratu zuen Bidasoan saltzen ahal den izokin bakarra, «jatetxeari fama ematen diolako».
Beharrezko neurriak eta datuak hartu ondotik, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak, Lorenzo Jaurena presidentearekin, Miguel Angel Martinez presidente ordearekin, Venancio Quiroga ingurumen arloko bokalarekin eta Rufino Dozagarat arrantza arloko bokalarekin, Lehenbizikoa arrantzatzeagatik oroitarria eman zioten Argedasko arrantzaleari.
Lehenbiziko egunean ikusmin handia zegoen Bidasoa erreka bazterretan. Erreka urez gainezka zetorren, apirileko eurien ondorio, baina egun eguzkitsu ederra izan zuten arrantzarako. Bertze arrantzale batzuk ere lortu zuten izokina lotzea, baina ez arrantzatzea. Horietako bati soka hautsi zitzaion. Hurrengoan beharko!