Bortzirietako haurtzaroko ezintasunaren jardunaldiak arrakastatsuak suertatu dira

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 27a

Osasun Zentroak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako mahainguruak jendetsuak suertatu ziren

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirietako Osasun Etxeak antolatuta apirilaren 23an eta 25ean egin diren Bortzirietako haurtzaroko ezintasunaren inguruko jardunaldiak arrakastatsuak suertatu dira, partehartze handia izan baita.

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bortzirietako Osasun Etxeak antolatuta apirilaren 23an eta 25ean egin diren Bortzirietako haurtzaroko ezintasunaren inguruko jardunaldiak arrakastatsuak suertatu dira, partehartze handia izan baita.

Jokin Apezetxea Mankomunitateko teknikariak aipatutakoaren arabera, «balorazio positiboa egiten dugu, sentsibilizazio jardunaldi hauei eta gurasoen kontzientziarioari esker naturaltasun gehiagoz solasten baitugu ezintasunetaz eta familien kezkak erraxago azaleratzen dira».

Jardunaldiak, gai hau lantzen duten erakunde ezberdinen ikusmoldea jakiteko ere baliagarriak izan dira, bai administrazioan, Gizarte Ongizatean, Hezkuntzan edo osasun arloan, bai Bortzirietan ari diren Aspace eta Anfasen eskutik. Aurten, berrikuntza gisara, entzumen eta ikusmen ezintasunak lantzen dituzten Eunate eta Once erakundeak ere gonbidatu dituzte. Jardunaldiak bukatzeko afaria ere egin zuten asteazkenean.

Apirilaren 23an, astelehenarekin, Lesakako erabilera anitzeko aretoan 30 bat lagun bildu ziren mahainguruan eta apirilaren 25ean, berriz, 38 lagun Berako Beralandetan. Senideak ere kontent gelditu dira partehartzearekin eta, batez ere amek azaldu zituzten zalantza eta kezkekin. Horietako batzuk erraten zuten bezala, «ezintasunaren onarpena prozesu bat da eta familia bakoitzak bere erritmoa eta momentua dauka». Hori bai, genero ikuspegitik, oraindik begi bistakoa da amak direla zainketaz arduratzen direnak eta aiten partehartze handiagoa lortu nahi lukete Mankomunitatetik.

Bortzirietako Osasun Zentrotik eta Bortzirietako Gizarte Ongizate Zerbitzuen Mankomunitatetik ezintasuna dutenen alde lanean segitzeko asmoa dute, hiru helburu nagusirekin. Alde batetik, arreta goiztiarrari dagokion fisioterapia zerbitzua eskatzen segituko dute. Bertzetik, krisiaren eraginez Aspacek udalekuak eskaintzeko zailtasunak izanen dituenez , udarako bertze aisialdi eskaintzaren bat bilatzeko bilerak eginen dira gurasoekin eta azkenik, ezintasunaren gaia lantzeko teknikoak eta senideak koordinatuko lituzkeen sare bat sortzeko asmoa dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun