Berako Abesbatzak 25. urteurrena ospatzen hasiko da

TTIPI TTAPA 2012ko api. 25a, 09:39

Berako Abesbatzak 34 kide ditu gaur egun, Fatima Gonzalezen zuzendaritzapean. Foto Goiko

Maiatzaren 5ean kontzertua eskainiko du eta erakusketa zabalduko da Iamotenean

Berako Abesbatzak Zilarrezko Ezteiak ospatuko ditu aurten, 25 urte bete baitira sortu zenetik. Hori dela eta, kontzertua eskainiko du maiatzaren 5ean Berako Kultur Etxean eta erakusketa ere zabalduko da egun horretan Iamotenean. Egun handia, halere, ekainaren 3a izanen da.

Berako Abesbatzak Zilarrezko Ezteiak ospatuko ditu aurten, 25 urte bete baitira sortu zenetik. Hori dela eta, kontzertua eskainiko du maiatzaren 5ean Berako Kultur Etxean eta erakusketa ere zabalduko da egun horretan Iamotenean. Egun handia, halere, ekainaren 3a izanen da.

Horiek denak baino lehen, asteburu honetan eginen den Atarrabiako Abesbatzen Lehiaketarako gonbidapena jaso du Berako Abesbatzak. Aibarko Ariztia korala, Eguesibarko abesbatza, Altsasuko Erkudengo Ama, Irurtzungo Abesbatza eta Garraldako Orreaga Abesbatzarekin batera ariko da. Apirilaren 29an, igande goizeko 10:00etan Atarrabiako karriketan abestuko dute eta gero, 12:30ean, Atarrabiako Kultur Etxean hasiko da lehiaketa. Egun horretan, Altsasukoekin batera ariko dira beratarrak. Begoña Rudiren zuzendaritzapean, Binbili Bonbolo, Con sabor tropical, kantuz, Alleluia, De balde, O Galopin, La Chaparrita, Gaur Akelarren Gorbeian, Iru txito eta Mendirik Mendi abestuko dituzte.

Berako Abesbatzaren 25. urteurrena dela eta, 13 kantu biltzen dituen CDa grabatu dute, batzuk a capela abestuak eta bertze batzuk perkusioa, txistulari eta musika bandaren laguntzarekin. Diskaren aurkezpen ofiziala maiatzaren 5ean eginen da, Berako Kultur Etxean 19:30etik aitzinera abesbatzak eskainiko duen kontzertu batekin. Sarrera doan izanen da , baina behin kontzertua bukatuta, CDa 6 eurotan salgai paratuko dute.

Bertze aldetik, 25. urteurreneko argazki erakusketa ere zabalduko da maiatzaren 5etik 13ra Iamotenean. Maiatzaren 5ean irekiko da 21:00etatik 22:00etara eta maiatzaren 1era bitarte zabalik izanen da, astelehenetik larunbatera 19:00etatik 21:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era.

 

Egun handia ekainaren 3an

Baina 25. urteurreneko ospakizun egun handia ekainaren 3rako iragarri dute Berako Abesbatzatik. Goizeko 11:00etan hasita, herriko musika talde ezberdinek dianak joko dituzte karrikaz karrika eta Herriko Etxeko Plazan bilduko dira 12.15 aldera. Plazan, talde bakoitzak pieza bat joko du eta ekitaldi ofiziala 12:45ean hasiko da. Bi bertsolarik ongietorria kantatuko dute eta gero Abesbatzaren txanda izanen da. Abesbatzak Agurra kantatzen duen bitartean, Gure Txokoako bi dantzarik dantza eginen dute. Segidan, Berako Abesbatzak kantatuko du eta poliki-poliki abesbatzako kide ohiek eta jubilatuen abesbatzak ere kantatuko dute. Emanaldia bukatzeko, abesbatzak musika tresnak lagun dituela kantatuklo du, bi kantu txistuarekin eta bertze bi bandarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun