Elkarrizan boluntarioen elkartea Beratik Lesakara zabaldu da

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 24a

Elkarrizan taldeko boluntarioak, Andra Mari Zahar Etxean egindako aurkezpenean. Utzitako argazkia

Apirilaren 17an egin zuten aurkezpena Lesakako Zahar Etxean

Beran egiten duen lana Lesakan ere egiteko asmoarekin apirilaren 17an jendaurrean aurkeztu zen Elkarrizan boluntarioen taldea Lesakako Andra Mari Zahar Etxean.

Beran egiten duen lana Lesakan ere egiteko asmoarekin apirilaren 17an jendaurrean aurkeztu zen Elkarrizan boluntarioen taldea Lesakako Andra Mari Zahar Etxean.

Alfonso Obeso aspaldian ari da boluntariotzan lanean Lesakan eta Elkarrizanen baitan eginen dira lan horiek hemendik aitzinera. Obesorekin batera, Maria Isabel Zugarramurdi, Ladislav Covaric, Margarita Susperregi, Maria Gago eta Jose Mari Irazoki izan ziren aurkezpenean. Marian Biurrarena Elkarrizan taldeko ordezkaria eta Jokin Apezetxea, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikaria ere aurkezpen ekitaldian izan ziren.

Aurkezpenarekin, zahar etxeko bizilagunek aurpegia jarri zioten boluntario lanean ari direnei eta horretaz gain, Elkarrizanek eskaintzen duen zerbitzuaren eta bere funtzionamenduaren berri izan zuten.

Elkarrizan elkarteak bakar-bakarrik laguntza lanak egiten ditu, erresidentzian bertan edo pasiatzerako orduan, mahai jolasetan, mandatu ttikiak egiteko, medikura joateko edota txangoak egiteko eta ez du inondik ere orainduak diren bertze lan batzuk ordezkatu nahi. «Zahar Etxean daudenen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako zerbitzu osagarriak eskaintzea da helburua», aurkezpenean adierazi zutenez. Behin aurkezpena eginda, eskaera-orri bat utzi zuten Elkarrizan elkartekoek, zahar etxeko bizilagunek, bere senideek edo zuzendaritzak berak betetzeko eta nahi diren laguntza motak zehazteko.

Elkarrizan elkartearen bertze helburuetako bat aisialdirako ekitaldiak (kultura, musika…) erresidentzietara hurbiltzea da. Honela, Emaitza antzerki taldearen borondateaz baliatuz, umorezko antzezlana izanen da apirilaren 28an, larunbat arratsaldeko 17:00etan Andra Mari Zahar Etxean. Joan den igandean aurkeztu zuten antzezlana Berako Zahar Etxean eta hagitz arrera ona izan zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun