Apirilaren 26an 75 urte beteko dira Condor legio naziak Gernika bonbardatu zuenetik. Gertakari hori oinarri hartuta “3:15 zail da konprenitzen” ikuskizun hunkigarria eskaini zuen Lesakako Tantirumairu euskal folklore taldeak apirilaren 21ean, larunbat arratsean Plaza Zaharrean.
Eguraldiak ez zuen batere lagundu eta ordu berean, telebistan Barça eta Real Madrilen arteko futbol “klasikoa” eskaintzen zuten, baina halere jendetza bildu zen Lesakako plazan, Tantirumairu euskal folklore taldearen ikuskizunaz gozatzera. Ixiltasuna nagusi, dantzariek plazaratu zutenak ixiltasuna eskatzen zuelako. Megafoniatik, bonbardaketa soinuak, gernikarren ahotsak… Dantzariak, Picassoren koadrotik ateratako irudiak balira bezala, plazan hedatu ziren eta beraien saioak eskaini zituzten. Ez zen ohiko dantza saioa izan. “Oroimen nahiz memoriarik gabe gure herriaren etorkizuna marraztu ezingo dugulako” prestatu zuen saioa Euskal folklore taldeak eta Gernika gogoan, plazaratu zuten.
Ikusleek txalo zaparrada batekin agurtu zituzten dantzariak.