Ortzegun honetan, apirilaren 19ko udalaren osoko bilkuran Igantziko Herriko Etxeak ofizialki hartuko du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko erabakia. Erabaki horrek jendearen aitzinean egon beharko du 30 egunez, eta epe hori pasatu ondotik, UEMAko batzar nagusiak onartu beharko du, eta batzar hori Goizuetan izanen da, ekainaren 9an.
Martxoaren 31n, Udaberriko Besten barrenean, Igantzi UEMAn sartuko da. Zer da UEMA? aurkezpena egin zen. Elizatean egindako aurkezpen honetara 40 bat lagun bildu ziren. Alkatearen hitzak aditu ondotik, bertaratutakoek Pagolizarra eta euskara bideoa ikusteko aukera izan zuten. Bideo horretan herriko eskolako haurrek modu hagitz argian azaltzen dute UEMA zer den, zergatik den beharrezkoa euskararen aldeko neurriak hartzea, eta hori guztia San Joan Xarreko erreserba naturalarekin alderatuz.
Herritarren aitzinean aurkezpen horiek egin ondotik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabaki ofiziala apirilaren 19an hartuko du Igantziko Herriko Etxeak.