Euskal Preso eta iheslarien etxeratzea ahalbideratu nahi duen Herrira herri mugimenduak mendi martxa antolatu du igande honetarako, apirilak 22. Bortzirietako herri guztietatik abiatuko da mendi martxa, bakoitza bere aldarrikapenarekin, eta Frainen bilduko dira guztiak. Arantzako plazatik 09:30ean aterako dira, Isolamendurik ez! lelopean. Berako Iamoteneatik 09:00etan abiatuko dira Gaixo larriak aske eskatuz. Etxalarko frontoitik 09:30ean aterako dira Preso eta iheslariak etxera aldarrikatuz. Igantziko frontoitik 10:30ean aterako dira Sakabanaketarik ez! lelopean eta Lesakako plazan 10:00etan egin da hitzordua, Iñaki askatu! eskatuz.
Herritarren parte hartze zuzenarekin Bortzirietako herrietan aurkezpen berriak eta ekimenak iragarri ditu Herrira mugimenduak eta horietako bat da igande honetan eginen den mendi martxa.