Ekitaldiz beteriko astea antolatu dute Berako San Jose zahar etxean. Apirilaren 16tik 22ra, gisa guztietako ekimenak izanen dira: argazki erakusketa, tailerrak, antzerkiak, kantaldiak, bertsolariak...
Apirilaren 16an, astelehenean zabalduko da argazki erakusketa Rosa Mari Errandonearen eskutik. Berako lehengo argazkiak paratuko dira zahar etxean. Astelehen arratsaldeko 17:00etan zabalduko da erakusketa baina aste osoan zahar etxean egonen da jendeak ikusteko, 15:00etatik 17:00etara eta 18:30etik 20:00etara.
Apirilaren 17an, astearte arratsaldeko 18:00etan talo tailerra eginen da Maria Mitxelenarekin. Gehienez zortzi lagun apuntatzen ahal dira eta izen-ematea: 948 630104 telefonoan egin behar da.
Apirilaren 18an, asteazken arratsaldeko 17:00etan Ilargi betea sorginen larrean taldearekin antzerkia izanen da.
Apirilaren 19an, ortzegun arratsaldeko 17:00etan Irazoki bikote alairekin kantaldia izanen da.
Apirilaren 20an, ortziral arratsaldeko 17:00etan bertsolariak arituko dira. Garaxi Taberna aurkezle dela, Patxi Kastillo, Iban Garro, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaietarekin bertso saioa izanen da.
Apirilaren 21ean, larunbatarekin, mojen antzerki komikoa izanen da Emaitza taldearekin, hau ere 17:00etan.
Berako San Jose Zahar Etxeko Aste Kulturala bukatzeko, apirilaren 22an, igande arratsaldeko 17:00etan Araitz eta Martaren eskutik kantaldia izanen da, gitarra eta flautarekin lagundua.