Lesakako Gazte Asanbladak Mugi hadi gazte! lelopean antolatutako Gazte Egunak euriari aurre egin behar izan zion larunbatean, baina halere giro ederrean joan zen eta ekitaldi guziak umorez burutu ziren.
Goizeko txupinazoa eta diana-kalejiraren ondotik, indarrak berreskuratzeko gosaria eta hasiera ekitaldia egin zen. Segidan, murala margotu zuten gazteek eta paella txapelketa abiatu zen Herriko Etxeko arkupetan. Epaileek paella dastatu zuten, eta gero 98 lagun bildu ziren bazkaltzera. Bazkalondoan jokoak egin ziren plaza inguruan eta hemen ere animazio handia izan zen, gazteak ez ezik, haurrak, gurasoak eta herritar aunitz izan baitzen jolas irrigarrietaz gozatzen.
Eguraldiak ez zuen lagundu, baina halere Debako Elektrotxarangarekin poteoa egin zen herrian barna eta Gazte Eguna bukatzeko, kontzertuak eskaini zituzten frontoiaren gibeleko aparkalekuan La Pulqueria, 3gabe2, Glaukoma Sound System eta DJ Bull taldeek.