Ibardingo eta Berako zabortegia berreskuratu dituzte

TTIPI TTAPA 2012ko apirilaren 4a

Mankomunitateko eta udal agintariak, Ibardinen zabortegi berreskuratura martxoaren 28an egindako bixitan. Aitor Arotzena

1.578.625,69 euroko gastua egin da

Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak Ibardingo zabortegia itxi eta berreskuratzeko lanak burutu ditu. 1990. urtean ireki zen zabortegia eta 2008ko martxoaren 10a bitarte eraman ziren hondakinak. Tarte horre­tan, 58.240 Tona hiri hondakin solido bota direla kalkulatzen dute Mankomunitatetik eta horri, Bera eta Lesakako lantegietatik zuzenean botatzen zena eta Hendaiako hiri-hondakin solidoak gehitu behar zaizkio.

Zabortegia ixteko gastua 1.578.625,69 eurokoa izan da eta Ibardingoarekin batera, ondoan zegoen Berako zabortegia ixteko ere aprobetxatu da. Proiektuaren zuzendaria izan den NAMAINSAko (gaur egun Gestión Ambiental) Susana Aldaz Goñik lanen inguruko xehetasunak azaldu zizkien martxoaren 28an Mankomunitateko eta bortz herrietako udal agintariei. Zabortegia izan zen lekuan, orain mendixka bat ageri da, baina oraindik barnean dituen ur zikinak eta lixi­biatuak biltzen dira kolektore batera eta Berako ur zikinen hodira sartzen dira zuzenean. «Oraindik egunean 46 metro kubiko biltzen dira, segundoko litro erdi ur zikin, baina denborarekin hori idortzen joanen da», erran zuen Aldazek. Kanpoko aldetik, be­rriz, menditik eta iturrietatik ixurtzen diren ur garbiak biltzeko ber­tze kuneta batek Sagasti erre­kara bidera­tzen du ura, ur zikinare­kin nahastea eragotziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun