1926ko otsailaren 16an jaio zen Lesakan Elias Garralda Altzugarai eta martxoaren 6an hil zen Oloten (Girona), 86 urte zituela. Ttikia zenean, gerra garaian, gurasoekin batera erbestera joan behar izan zuen. «Nere aita ez zen politikaria, baina maisua zen eta ez zien arreta handirik jartzen gurutzeei, himnoei eta banderei, beraz irabazleei ez zitzaien sobera gustatzen» zioen. Gerra ondoan, familia Katalunian laketu zen, Gironako Olot herrian eta han hasi zen bere margolanak egiten Elias Garralda. 22 urterekin egin zuen lehen erakusketa. Azkeneko mende erdiko paisaia margolari onenetakotzat zuten eta oraindik ere, egunero-egunero hartzen zituen bere pintzelak eta bere margoak. Bidasoa ingurura bueltatzea gustatzen zitzaion eta bertan, erreka bazterren batean, bere margolanekin segitu. Adiorik ez!