1912ko Santesteban bestetan ireki zen Berako Casa Agustina. Hain zuzen, Jose Elgorriaga eta Agustina Irazoki senar-emazteek ireki zuten eta emakumearen izena hartu zuen. Gero, honen semeak, Eugenio Elgorriagak eta Micaela Goienetxe emazteak hartu zuten ardura. Ehun urte beranduago, Jose eta Agustinaren biloba eta Eugenio eta Micaelaren semea den Fernando Elgorriagak eta honen emazteak, Mª Consuelo Tombok kudeatzen dute Euskalduna ostatu-jatetxea. Ikusi bideoa
Ehun urteko ostatu-jatetxea. Erraz erraten da…
Bai. Eguneroko lanean sartuta ez diozu kasurik egiten, baina Santesteban bestetan eginen ditu ehun urte. Ederra da. Gibeletik lan handia dagoela erakusten du. Hori dela eta, aurtengo Berako bestetan zerbait berezia egin nahi dugu, musika paratu edo zerbait.
Casa Agustinatik Euskaldunara… Izenaz gain, zer gehiago aldatu da ehun urteotan?
Hasiera batean betiko ultramarinos denda horietako bat zen, bakailua izaten zuen saltzeko eta denda horietan izaten zen genero guztia. Ostatua ere izaten zen edariak saltzeko, denetarik. Bi izen horietaz aparte Elgorriaga bezala ere ezagutu da, gure abizena delakoz eta baita Charlot bezala ere, gure aita zena nahiko txisposoa zelako eta bromak egitea gustatzen zitzaiolako. 1970 urtean berritu eta egin genuen jatetxe berria, ama zen orduan nagusia eta urte horretan jarri genion Euskalduna izena.
Aitatxi-amatxietatik zure gurasoetara eta orain zure esku…
Familiari lotutako ostatua da, ez? Beti familiarekin lotua egon da bai, eta horretan segitu nahi dugu ahal den neurrian. Gerra denboran itxia egon zen, aitak eta Frantzialdera aldegin zutelako, baina gerra akautu eta segitu zuten, gaur arte.
Etorkizunean ere familiako tradizioak segida izanen du?
Ez dakit, ikusi beharko, Ainhoa alaba hemen ari da lanean eta Urtzi semea Mexikon dugu orain, baina hemen denean ere laguntzen du.
Garai batean ezkontzetako otorduak ere ematen zenituzten…
Bai, 1970. urte inguruan eta ezkontza aunitz ematen ziren, terraza ederra dugu-eta. Baina, denborarekin, ezkontzak gero eta handiagoak dira, musikarentzat ere lekua behar da eta ez gara horretan sartzen. Gaur egun eguneko menuak, plater konbinatuak, ostatua… lantzen dugu. Eguneko martxa. Terrazan genuen toka ere famatua izan zen, igela ere izaten zen, jostatzeko tokia. Garai batean, Altzaten eta Beran izaten zen musika eta musika akautzen zenean kalejiran ibiltzen zen jendea eta hemen bukatzen zen, xaltxa ikaragarria izaten zen. Izan ere, Euskalduna bidegurutzean egon da beti, Altzate, Agerra eta Bera tartean, nolabait topagunea ere bada.
Mende batean, hainbat pasadizo gertatu izanen dira…
Hainbertze urtetan pilaka anekdota gertatu dira, baina ni hemen ibiltzen zen jendearekin gelditzen naiz. Txikiteo garaian jende xelebre aunitz izaten zen, gaur egungoak baino txispa gehiago zuen jendea. Bertze bizimodu bat zen eta umorea ere diferentea zen. Orain txikiteoa aunitz apaldu da, kasik ez da ikusten, arront aldatu da. Ni ttikia nintzenean, Beratik Terranovara bakailu arrantzara joaten ziren arrantzale aunitz ere izaten ziren eta haiek etxera bueltatzen zirenean ere giro polita sortzen zuten, kristoren juergak egiten zituzten.
Jende ezaguna ere ibiliko zen ostatuan…
Eva Duarte eta Peron izankatu omen dira, hemen barna ibiltzen ziren eta etorri ziren gure etxera pare bat egunez. Alfredo Landa aktore espainiarra ere izan da. Beran ziklokrosa egiten zenean ere izan ditugu txirrindulari ezagunak.
Zenbat lagunendako komedorea duzue gaur egun?
Jantokian 70 bat lagunendako tokia dugu eta kanpoko terrazan plater konbinatuak eskaintzen ditugu eta 20-30 lagunendako lekua badugu.
TXIKITEOA ETA ARRANTZA
«Txikiteo garaian jende xelebre aunitz izaten zen, gaur egungoak baino txispa gehiago zuen jendea. Bertze bizimodu bat zen eta umorea ere diferentea zen». «Ni ttikia nintzenean, Beratik Terranovara bakailu arrantzara joaten ziren arrantzale aunitz izaten ziren eta haiek etxera bueltatzen zirenean ere giro polita sortzen zuten, kristoren juergak egiten zituzten».