Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatuta Tantirudantza jaialdia ospatuko da apirilaren 1ean, igande honetan Lesakan. Herriko Tantirumairu taldeko dantzariekin batera, Etxalarko Altxatakoak eta Gipuzkoatik, Getariko Gure Txeru eta Astigarragako Astigar taldekoak ariko dira.
10:30 aldera ongietorria eta hameketakoa eskainiko zaie dantzariei eta gero talde bakoitzak ibilbide bat eginen du karrikaz karrika. 12:00etan herriko dantzariek Zubigainekoa dantzatuko dute Onin errekaren petriletan eta gero, 12:45ean, plazan emanaldia eskainiko dute talde guziek. Kanpotik etorritako dantzariek herrikoen etxeetan bazkalduko dute eta musikari eta arduradunek herriko jatetxe batean. Arratsaldeko 17:30ean, Kiki eta Koko pailazoek eskainiko duten Parranda Tutiplén ikuskizunarekin bukatuko da aurtengo Tantirudantza.