Tantirudantza jaialdiak ehun dantzari ttiki baino gehiago bildu zituen igandean Lesakan

Aitor AROTZENA 2012ko apirilaren 2a

Dantzari guziek elkarrekin egindako kalejirarekin bukatu ziren goizeko dantza saioak. Aitor Arotzena

Tantirumairu taldekoekin batera, Etxalar, Astigarraga eta Getarikoak aritu ziren

Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatuta Tantirudantza jaialdia ospatu zen apirilaren 1ean, igandean Lesakan. Herriko Tantirumairu taldeko dantzariekin batera, Etxalarko Altxatakoak eta Gipuzkoatik, Getariko Gure Txeru eta Astigarragako Astigar taldekoak aritu ziren. Ikusi bideoa

Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatuta Tantirudantza jaialdia ospatu zen apirilaren 1ean, igandean Lesakan. Herriko Tantirumairu taldeko dantzariekin batera, Etxalarko Altxatakoak eta Gipuzkoatik, Getariko Gure Txeru eta Astigarragako Astigar taldekoak aritu ziren. Ikusi bideoa

Goizean dantzariei ongietorria eskaini eta gero, kanpotik etorritako talde bakoitzak ibilbide bat egin zuen karrikaz karrika. Eguerdi aldean, herriko dantzariek Zubigainekoa dantzatu zuten Onin errekaren petriletan, kanpotik etorritako aitzinako dantza hau ikusteko aukera izan zezaten.

Gero, 12:45 aldera, plazan emanaldia eskaini zuten talde guziek. Lehenik, Astigarragako Astigar taldekoek Iribasko Ingurutxoa, Boastitzea eta Uztai Txiki eskaini zituzten. Segidan, Getariko Gure Txeru taldekoek Zapatari, Txulalai, Agurra eta Alpargata dantzatu zuten.

Etxalarko Altxata taldekoek Neskatxa, Jauzi eta Faltzesko zinta dantza ikusgarria dantzatu zituzten.

Azkenik, Tantirumairu Euskal Folklore taldekoen txanda izan zen. Ttikienaz aurrera, Esku dantza, Makil txiki, Gorulari, Zinta dantza, Ingurutxo, Txotxongilo, Banako eta Arratia dantzatu zituzten.

Plazako jaialdia bukatzeko, dantzari guziak elkarrekin kalejiran ibili ziren, Etxalarko trikitilarien doinuekin.

Kanpotik etorritako dantzariek herrikoen etxeetan bazkaldu zuten eta musikari eta arduradunek herriko jatetxe batean. Arratsaldean, Kiki eta Koko pailazoek eskainitako Parranda Tutiplén ikuskizunarekin bukatu zen aurtengo Tantirudantza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun