Didier Zago frantziarrak ez zuen hutsik egin eta laugarren aldiz irabazi zuen Berako Mendi Maratoi Erdia. Zortzigarren edizio honetan, euria eta lohia izan zen protagonista, eta horren ondorioz, ibilbidea aldatu behar izan zuten Manttale, Gure Txokoa eta Agerra Mendi Taldeko antolatzaileek. Larunera igo gabe egin zen lasterketa. Emakumeen artean, Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra nagusitu zen. Guzira, izena emandako 474 korrikalarietatik 466k lortu zuten lasterketa burutzea.
Larunera igo gabe, 21 kilometro izan beharrean, 18’6 kilometrotan gelditu zen lasterketa. Gizonezkoen lasterketan, Didier Zago eta Aitor Osa Itziarko txirrindulari ohiaren arteko borroka handia izan zen. Ibardingo tarteko helmugatik Osa pasatu zen lehenik, baina azkenean Biarnokoa nagusitu zen, ordubete, 24 minutu eta 22 segunduko denborarekin. Aitor Osa bigarren izan zen, (1h.25:28) eta bere alaba eskutik hartuta helmugaratu zen. hHirugarrena Oier Ariznabarreta izan zen (1h.30:07). Zazpigarren sailkatu zen Angel Arrieta izan zen lehenbiziko nafarra.
Emakumezkoen senior kategorian, aipatu bezala, Oihana Azkorbebeitia izan zen bizkorrena, ordubete, 45 mintuu eta 50 segunduko denborarekin. Bortz minutu baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Laura Solari (1h: 51) eta hirugarren Aitziber Ibarbia izan zen (1h.58:26). Tartean, beteramo mailako lehen salikatua, Nerea Amilibia sartu zen (1.51:14).
Aipatzekoa da Berako hiru emakumek ere parte hartu zutela lasterketan eta proba itxi zuen Aloña Lasagak txalo zaparrada handia jaso zuen.
Bertzalde, Ricardo Abad Tafallako ultrafondistak ere parte hartu zuen Berako Mendi Maratoi Erdian eta bi ordu terdi behar izan zituen bukatzeko.