400 bat lagunek parte hartu dute asteazken eguerdian lan erreformaren kontra deitutako greba egunaren baitan Beran egindako manifestazioan. Bertze eredu sozial bat posible da leloa zeraman pankartaren gibeletik joan da jendetza Agerratik Altzateko Plazaraino, tartean Murrizketarik ez!, Gure eskubideak defenda ditzagun edo Gaur Greba Orokorra bezalako aldarrikapenak oihukatuz. Berako kuartelaren parean, berriz, Polizia guttiago, lan gehiago oihukatu dute, nonbait grebarekin bat egin ez duten hogei bat guardia zibil baitzeuden zaintza lanean. Behin Altzateko plazara ailegatuta, grebaren arrazoiak azaldu dituzte eta arratsaldeko 17:30ean Donezteben eginen den eskualdeko manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute.