Bertze urteetan baino lehenago izanen dira aurten Udaberriko Bestak Igantzin. Martxoaren 30etik apirilaren 1era, ortziral arratseko mus txapelketatik hasi eta igande arratsaldeko Bertsolari dokumentalaren emanaldira, hainbat ekitaldi izanen dira.
Bestei hasiera emateko mus txapelketa izanen da martxoaren 30ean, ortzirala, Biltokin, 22:00etan hasita. Txapelketa Ttipi-ttapa, Xorroxin eta Xaloaren alde izanen da. Bikote bakoitzak 20 euroko inskripzioa ordaindu behar du, eta bildutako dirua komunikabide horientzat izanen da. Bikote txapeldunak txanpaina eta haragia jasoko ditu eta bigarrenak ardoa eta haragia. Gisa horretako txapelketak herriz herri antolatzen ari dira, eta finala apirilaren 14an izanen da Sunbillan.
Martxoaren 31n, San Joan Xarrera ibilaldia eginen da, plazatik 10:00etan abiatuta. San Joan Xarko berri aditzeko aukera izanen da: zergatik den erreserba naturala, uraren eta iturrien informazioa, nola garraiatu zuten harrizko santua... Egun bereko 18:00etan herriko trikitilari eta pandero joleek kalejira eginen dute, eta segidan, 19:00etan Igantzi UEMAn sartuko da. Zer da UEMA? aurkezpena eginen da, Elizateko (lehengo Herriko Etxeko) bilera gelan.
Hurrengo egunean, apirilak 1, 11:00etan hasita, Nafarroako Herri Kirol Jolasetako finala jokatuko da. Eta 19:00etan, azken hilabeteotan hain ezaguna egin den Bertsolari film-dokumentala eskainiko da Erretorbaitan. Dokumental hau iazko Donostiako zinemaldian aurkeztu zen eta arrakasta handia izan du. Bertan azaltzen zaigu bertsolariak bertsoa egin aitzinetik zer bizitzen duen, zer pasatzen zaion burutik, izaten dituen sentsazioak. Sarrera hiru euro kostako da, eta 14 urtetik beheitikoentzat euro bat.
Igantzi UEMAn
Udalak UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartzeko asmoa du. Erabakia hartu baino lehen, ordea, herritarrei ongi azaldu nahi die zer den UEMA, eta zer suposatuko dion herriari eta Udalari mankomunitatean sartzeak. Hori dela eta, Udaberriko Besten programazioan gai honi buruzko aurkezpena eginen dute, martxoaren 31n, 19:00etan.
Herritarrei UEMA zer den azaltzeko, eskolako haurrek bideo bat egin dute, Pagolizarra eta euskara deitzen dena. UEMA zer den azaldu dute, eta zergatik hartu behar dituen Udalak euskararen aldeko neurri bereziak. Udalak bereziki gonbidatu nahi ditu herritarrak aurkezpen honetara, gaiaren inguruan informazioa hartzeko.