Bertze urteetan baino lehenago izanen dira aurten Udaberriko Bestak. Bestei hasiera emateko mus txapelketa izanen da martxoaren 30ean, ortzirala, Biltokin, 22:00etan hasita. Txapelketa Ttipi-ttapa, Xorroxin eta Xaloaren alde izanen da. Bikote bakoitzak 20 euroko inskripzioa ordaindu behar du, eta bildutako dirua komunikabide horientzat izanen da. Bikote txapeldunak txanpaina eta haragia jasoko ditu eta bigarrenak ardoa eta haragia. Gisa horretako txapelketak herriz herri antolatuko dira, eta finala apirilaren 14an izanen da Sunbillan.
Martxoaren 31n, San Joan Xarrera ibilaldia eginen da, plazatik 10:00etan abiatuta. San Joan Xarko berri aditzeko aukera izanen da: zergatik den erreserba naturala, uraren eta iturrien informazioa, nola garraiatu zuten harrizko santua... Egun bereko 18:00etan herriko trikitilari eta pandero joleek kalejira eginen dute, eta segidan, 19:00etan Igantzi UEMAn sartuko da. Zer da UEMA? aurkezpena eginen da, Elizateko (lehengo Herriko Etxeko) bilera gelan.
Hurrengo egunean, apirilak 1, 11:00etan hasita, Nafarroako Herri Kirol Jolasetako finala jokatuko da. Eta 19:00etan, azken hilabeteotan hain ezaguna egin den Bertsolari film-dokumentala eskainiko da Erretorbaitan. Dokumental hau iazko Donostiako zinemaldian aurkeztu zen eta arrakasta handia izan du. Bertan azaltzen zaigu bertsolariak bertsoa egin aitzinetik zer bizitzen duen, zer pasatzen zaion burutik, izaten dituen sentsazioak. Sarrera hiru euro kostako da, eta 14 urtetik beheitikoentzat euro bat.