Berandu bada ere, ezin aipatu gabe utzi Gure Txokoa elkarteak urteroko batzar orokorra egina duela aurten ere. 40 bazkide bildu ziren eta iazko aktaren irakurketa eta onarpenaren ondotik, 2011ko kontuak aurkeztu eta egindako ekimenen balantzea egin zuen zuzendaritza batzordeak. Kontuei dagokienez, iaz 84.500 euro inguruko aurrekontua izan zuen. Gasturik handiena futbolak sortzen du, 22.200 euro inguru, eta Lurraren Egunak 10.000 euro, nahiz eta azken honen gastu gehienak Udalak hartu bere gain. 2012an aurrekontua zerbait murrizten saiatuko da elkartea, dirulaguntzak ere murriztu direlako.
Futbolean 140 jokalari inguru daude Gure Txokoaren izenean eta datorren denboraldirako nesken taldea atera nahi da. Areto futbolean, bi talde daude. Pilotan, txapelketetan parte hartzen duten 50 pilotari ditu. Txirrindularitzan, ohikoak diren probez gain (Felix Errandonea memoriala, BTT itzulia, Larunera igoera), jendeak gustura hartu zuen Trialsin proba. Aurten ere ohiko probak antolatuko dira, baina trialsin eta afizionatuena, garestiak direnez, ikusi egin beharko da egiten diren ala ez. Atletismo sailean Altzateko bestetan emakumeentzako laisterketa eta urrian Lizuniagako igoera antolatu ziren. Dantza saila da ekonomikoki galerarik ez duen bakarra, bestetako festibalari eta Udalarekin dagoen akordioari esker. Aurten, elkarteak Ibardinekin duen diru laguntza hitzarmena tarteko ekitaldi pare bat eginen dira Ibardinem. Gainerakoan, 25. Lurraren Eguna, ipuin kontalarien saioak, erakusketak, mus txapelketa... egin dira. 2012an bide beretik lan egiten segituko da eta diru irabaziekin Iamotenean moldaketak egiteko asmoa dago.