Udaleko Garapen Batzordeak antolatuta, Larun Haizpe merkatarien elkartearekin elkarlanean, merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea garatu dute 34 herritarrek. Sektorearen indarguneak, ahulguneak, aukerak eta mehatxuak aztertu dira eta bide batez, etorkizuneko lan-ildoak finkatu.
Indarguneen artean hauek daude: sektorearen hurbiltasuna, konfidantza, profesionalizazioa eta eskaintzen duten zerbitzu osoa; Larun-Haizperen lana; eta sektoreak herriko ekonomiari egiten dion ekarpena.
Ahultasunen artean hauek aipatu dira: bezero falta; komertzianteen inplikazio handiagoaren beharra; instituzioekin lan gehiagoren beharra; turismoa eta formakuntza indartzea; sektorearen belaunaldi aldaketa falta; ordutegiak; merkataritzan euskararen egoeraren diagnostikoa; eta irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu beharra.
Aukeren artean, herriaren kokapena eta komunikazioa daude, baita Ibardingo eskaintza ere; herriaren potentzialitate turistikoa; herriko kultur dinamismoaren balioa eta osagarritasuna; sarean lan egitearen potentzialitatea; eta teknologia berrien aukerak ere bai.
Mehatxuen atalean merkataritza guneen gaia nabarmendu da, herrigunetik kanpo azpiegitura handi batek eraginen lukeen kaltea adieraziz.
Hamar urte barru merkataritzak nolakoa behar lukeen ere zehaztu da, lau ideia nagusi bilduz: dendek herritarrak zein bisitariak erakarri behar dituztela; herritarren beharrak asetzeaz gain eskaintza anitza, desberdina, profesionala eta nortasun propioduna behar duela merkataritzak; kalitateko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak izanen dituen merkataritza behar dela eta auzoetan presentzia behar duela.
34 dira hurrengo hamar uteetarako proposamenak, tartean hauek:
• Merkataritza-ibilbide bat, oinezkoen mugikortasuna lehenetsiz.
• Aparkalekuak arautu.
• Irisgarritasuna hobetu, espaloietan eraginez.
• Argi publikoa hobetu.
• Merkatari, ostalari, kultur talde eta Udalaren arteko koordinazioa.
• Merkataritzarentzat berezko marka sortu.
• Merkataritzaren euskararen egoeraren diagnostiko bat egin.
• Bezeroak fidelizatzeko ekimenak garatu.
• Online erosteko aukera bultzatu.
• Erosketak etxera eramateko zerbitzua.
• Denden ordutegia zabaldu.
• Bertako produktuak sustatu.
Herriko komertzioan eta arduraz erosteko garrantzia azpimarratzeko kontzientziazio kanpainak antolatu.
• Komertzioen berrikuntza estetikoa landu.
• Herria eta espazio publikoa dinamizatzeko jarduerak bultzatu.
• Turistikoki herria garatu.