Jalgi Hadi Garaipenera gazte mugimenduak mendi martxa antolatu du Saratik Lesakara. Apirilaren 6an abiatuko da Saratik, eta biharamunean ailegatu Lesakara. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik 500 urte bete dira aurten eta horrekin lotu nahi izan da. Euskal Herriko 7 herrialdeetako 2.000 lagun espero dira eta eskualdeko gazteei ere gonbitea luzatu zaie. Independentistak Sareak apirilaren 8rako Iruñean antolaturiko Aberri Egunean parte hartzera ere deitu dute. Lesakatik autobusak izanen dira. Datu gehiago: www.jalgihadigaraipenera.com.
Jalgi Hadi Garaipenera gazte mugimendua sortu da berriki. Aurkeztuko zeniguke?
Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela 500 urte bete dira aurten eta urteurrenaren harira sortu den gazte dinamika da Jalgi Hadi Garaipenera. Orain arte, historiak anexio bat izan zela kontatu du, eta dinamika hau gazteek egiazki zer gertatu zen jakiteko dugun behar horri erantzuteko sortu da, anexio baketsurik ez zela izan adierazten duten idatziak badirelako, gertatutakoa indarrez izan zela diotenak. Dinamika horretatik formakuntza saioak eta ekimenak antolatuko dira eskualdeka. Gazte ikuspegitik eginen dira, falta izan zaigun informazio hori zergatik ez den orain arte erakutsi ikusteko. Garaitu zutenek euren historia idatzi zuten, bertzea ezkutatuz. Puntu honetara nola ailegatu garen ulertuta, hemendik aitzinera guk marraztuko dugu nahi dugun herria.
Nolakoa heldu da gazte martxa?
Martxa ere Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren harira eginen da. Lapurditik Nafarroa Garaira eginen da, muga hauste hori irudikatuz. Ez dakit ohartzen garen, baina konkistak Iparraldetik banatzea ekarri zuen. Batzuetan nafarroi dagokigun gauza bat bailitzan ikusten da, baina konkista hark Euskal Herri osoaren zatiketan eragin zuen. Independentistak Sareak deitutako Aberri Egunean parte hartuz emanen zaio bukaera martxari. Gerora, hala ere, formakuntza saioekin segituko da seguruenik, dinamika indartzeko eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gazteen arteko bateragunea sortzeko.
«Iragana buruan izanik, etorkizuna marrazteko momentua iritsi da», erran zenuten martxaren aurkezpenean...
Lehenagokoa jakin behar dugu oraina ulertzeko, gure sustraiak nondik datozen ulertzeko eta herri bezala argitzeko. Jakitea beharrezkoa dugu, baina horrek ez du erran nahi lehengo erresuma eredua nahi dugunik. Jakintza da nahi duguna. Iragana ezagututa, gure Euskal Herria eta jende eredua eraiki nahi ditugu.
Orduan Euskal Herria bat zela eta orain ere bat izateko borondatea badagoela diozue...
Hala da, duela 500 urte bazegoen eta lehenagotik ere bai. 500 urte beranduago orain ere badago eta pasatu dugun guztiarekin, hemen segitzen dugu. Gure herria marrazten segituko dugu. Hemendik aitzinera, etorkizuna orain arte baino errazagoa izatea espero dugu. Euskal Herri independentea lortzea da helburua, baina ez edozein motatako herria, balore batzuk dituen Euskal Herri bat baizik, burujabea. Horretarako pausu ttiki eta haundi aunitz behar dira eta horretan gabiltza. Gisa honetako dinamikek gazteon nahia erakusten dute eta horretan jarraituko dugu, jendarte eredua aldatzeko eta gure herria den bezala behingoz onartua izateko. Etorkizunera begira, gure herria eraikitzeko eskubidea izan behar dugu eta indarra badago.
Martxari begira, zer erranen zenieke inguruko gazteei?
Dinamika polita dela eta parte hartzeko. Euskal Herriko txoko guztietako jendea ezagutzeko aukera izanen da. Saran hasiko den egunean, hausnartzeko, ideiak konpartitzeko eta denetarako aukera izanen da, besta ttiki bat egiteko ere bai. Hurrengo egunean mendia zapaltzeko aukera izanen da, jendea ezagutuz, euskal giroan... Horrelako gauzek berrindartzeko balio dute eta Euskal Herri osoan jendarte eredu berri bat nahi duten gazteak badirela ikusteko.
KONKISTA GOGOAN
«Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela 500 urte bete dira aurten eta urteurrenaren harira sortu den gazte dinamika da Jalgi Hadi Garaipenera. Orain arte, historiak anexio bat izan zela kontatu du, eta dinamika hau gazteek egiazki zer gertatu zen jakiteko dugun behar horri erantzuteko sortu da, anexio baketsurik ez zela izan adierazten duten idatziak badirelako, gertatutakoa indarrez izan zela diotenak.