Martxoaren 15ean, ortzegun arratsaldean Lesakan bildu ziren Jalgi Hadi Garaipenera dinamikako hainbat gazte eta bertan apirilaren 6, 7 eta 8an izango den Gazte Martxako egitaraua aurkeztu zuten.
Aprilaren 6an abiatuko da gazte martxa Saratik, eta biharamunean ailegatu Lesakara. Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik 500 urte bete dira aurten eta horrekin lotu nahi izan da. Euskal Herriko 7 herrialdeetako 2.000 lagun espero dira eta eskualdeko gazteei ere gonbitea luzatu zaie. Independentistak Sareak apirilaren 8rako Iruñean antolaturiko Aberri Egunean parte hartzera ere deitu dute. Lesakatik autobusak izanen dira. Datu gehiago: www.jalgihadigaraipenera.com.
Bertan aipatu zutenez, “gazteok bidea egiten dihardugu, pausoz pausoz, Euskal Herriaren askatasunaren alde, etorkizuneko jendarte eredu berri baten alde. Aurrera, oztopoak gaindituz eta gure herria zatitzen duten mugak hautsiz, Saratik Lesakarako bidea egitera goaz. Pausoz pauso askatasuna irudikatuko dugularik. Gazteok sorkuntza hamaika modutara adierazteko gaitasuna lantzen dugu egunero, gazteok espresio berriak sortuz egiten diogu ekarpena Euskal Herriari. Ezkutua eskuratzeko herriz herri antolatu gara, iraganekoa ikasiz, trukatuz eta hedatuz. Jakintza historiko kulturala gaur egunerarte ekarri eta gure errealitatea birsortzeko tresnak landuz. Auzolanean antolatuz, herri ezberdinetako gazteok bat egingo dugu inposatutako kateak gainditu eta bizirik dirauen herri bat garela adierazteko martxa honetan. Euskal Herriaren historian lerro berriak idatziz”.
Gazteen arteko ezagutza eta harremanetarako joku eta ekintzak, gazte musika taldeen doinuak, kultura eta jendarte eraldaketarako oinarriei buruzko solasaldiak, sorkuntza artistikoa adierazteko bide berriak, antzerki bidez bertsolari gazteen arteko ikuskizuna… menditik zehar, herritik herrira, eta herriarentzat guk geuk sortutakoa lau haizetara zabaltzeko. Hori dena eta gehiago izanen da egitarauan.