Irurtzungo Antzerki Tailerrak “Prodigiosa Remendona” antzezlana eskainiko du gaztelaniaz Berako Kultur Etxean martxoaren 24an, larunbat arratsaldeko 19:30etik aitzinera. Berako Kultur Batzordeak antolatutako ekitaldi honetara sartzeko 3 euro ordaindu beharko da.
Antzezlana Federico Garcia Lorcaren obra baten moldaketa da eta Angel Sagües zuzendariaren erranetan, «antzerki tailerrera bere horretan egokitzen diren obra gutxi daude, eta horregatik obrak moldatu beharra izaten dugu. Antzerki tailerrarendako egokiak diren eta ikusleen gustukoak izanen diren obrak aukeratzen ditugu. Gainera, kasu honetan bezala, antzerkiko genero ezberdinak, drama, tragedia eta komedia, lantzeko aukera ematen badute, ezin hobe». Antzezlanak une atsegina pasatzeko osagai guztiak ditu.