Martxoaren 15ean, ortzegun eguerdiko 13etatik aurrera irekiko da apirilaren 15an ospatuko den Berako VIII Mendi Maratoi Erdia – VI. Ibardingo Sarian izena emateko epea. Azken urteetan izan den dortsal eskaera dela eta, 450 dortsal jarriko ditu parte hartu nahi duenarentzat eskuragai lasterketa antolatzeaz arduratzen den Manttale Mendi Lasterketa Taldeak, Agerra Mendi Taldearekin eta Gure Txokoa elkartearekin batera.
Inskripzioa Manttale taldearen webgunearen bitartez egin ahal izango da, www.manttale.com, 22 euroren truke federatuak daudenentzat eta 25 euro federatuak ez daudenentzat, martxoak 27a baino lehen edo partaide kopurua bete arte.
Iaz 500 lasterkarik parte hartu zuten proban eta Nafarroako Kluben arteko Txapelketa izan zen. Aurten Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako lehen proba puntuagarria izango da.
Berako lasterketako ibilbideak ez du aldatuketarik izango, 21 kilometroko distantzian, 2.714 metroko desnibel metatua gainditu beharko dira. 9,7 kilometro gorantza izanen dira eta 10,9 km behera, gehienezko igoera portzentaia %45 delarik. Froga gogor honen abiapuntua eta helmuga Berako Kiroldegia izango da eta punturik garaiena Larun mendia (900,40 m).
Aurtengo edizioan antolakuntzak sariak mantenduko ditu lehenengo bortz sailkatuentzat bai emakumeen sailean eta bai gizonezkoenean. Lehenengoak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 250 eta hirugarrenak berriz, 200 euro.
Ibardinetik (6,6 km) pasatzen den lehen korrikalariarentzat 150 euroko saria izango da eta mantendu egingo da, halaber, Didier Zagok frantziarrak iaz ezarritako lasterketako errekorra (1:38:11) gainditzea lortzen duenarentzat izango den 300 euroko saria. Frantziarrak iaz hirugarren garaipena segidan lortu zuen eta aurten ere asmo horrekin etorriko da.. Emakumeen artean, Oihana Kortazarrek bere bigarren garaipena lortu zuen eta Munduko Kopako garaipenarekin bukatu zuen urte ezinhobeari Beran eman zion hasiera.
Izena ematen duten guztiei ondoren adierazitako produktuak dituen poltsa bana banatuko zaie: Martikoren produktuak, produktu energetikoak, Lorpen galtzerdiak, eta Craft markako kamiseta bat, eta beharrezkoak dituzten zerbitzu guztiak eskura edukiko dituzte (txipa, dutxak, jan-edatekoak kontroletan eta lasterketa ondoko luntxa). Aurten ezarriko den kronometraje zerbitzuari esker, tarteko denborak ikusi ahal izango dira helmuga puntutik,bertan ezarriko den pantalla batetan baita helmugaratzean ere.
Azken bi urteetan ospatu izan den gaztetxoen lasterketa berriz ez da eginen aurtengoan. Data eta ibilbide egokiagoren bat bilatzen ari da Manttale ezaugarri hauek izango dituen proba bat antolatzeko.