Gure inguruan aspaldiko ohitura den auzolana berreskuratzeko asmotan dabil udala. «Herrian gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa zein den ikusteak, tresna honek duen garrantziaz konturatzen lagundu digula ohartzen gara», aipatu digu Peio Etxabide alkateak. Auzolanean, lan ezberdin aunitz egiteko aukera ikusten du Udalak (bideen mantenimendua, mendiko bidaxkak garbitu, landaketak, besta ondoko garbiketa …) honek herriarentzat ekar dezakeen onura ekonomikoaz gain, herriaren kudeaketan parte hartzeko bertze modu bat dela iruditzen baitzaio. Hau dena martxan jarri eta honen inguruko plangintza bat osatzeko, herritar guzientzat idekia den batzordea sortuko da, interesatua dagoen edozeinek parte hartu eta bere proposamenak egin ahal izateko. Lehenbiziko bilera martxoaren 9an eginen da, ortziral arratsaldeko 19:00etan udaleko batzorde gelan eta ondotik eginen diren bileren deialdiak, baita lehenbiziko hau ere herrian zehar jarriko diren kartelen bidez eginen da.
Kultur arloari dagokionez ere, poliki poliki eredu parte hartzailea aplikatzen saiatzen ari da Udala. Bide honetan, lehen saiakera Olentzero batzordea eta kultur eta kirol dirulaguntzak banatzeko irizpideak izan ziren. Sanferminetako besta batzordea ere bi astetik behin biltzen da, ortziralarekin 18:00etan. 15 lagun inguru bildu izan dira.