Bortzirietako eskuz banakako hamekagarren pilota txapelketako finalak jokatu ziren martxoaren 10ean, larunbat goizeko 09:30etik aitzinera. Guzira 101 pilotari aritu dira lehiaketa honetan zortzi kategorietan banatuak. Bortz herrietako pilotariez gain, Txarutakoak, Hondarribikoak, Oiartzungoak eta Iruñerrikoak ere aritu dira. + Ikusi bideoa
Aurrebenjamin edo ttikien mailan, Berako Gure Txokoako bi pilotari izan ziren aurrez aurre eta Andoni Telletxea 18 eta 14 irabazi zion Unai Lluciari.
Benjamin B mailan ere Berara joan zen txapela. Gure Txokoako Jon Pagola ongi nagusitu zitzaion Lesakako Arkupeko Imanol Ugaldebereri, 18 eta 11.
Benjamin A mailan, Txarutako Axier Bailarenak 18 eta 9 irabazi zion Berako Gure Txokoako Asier Telletxeari.
Gorabehera gehiago izan zituen Alebin B mailako finalak. Etxalarko Altxatako Aritz Irazoki eta Lesakako Arkupeko Iker Iriarte aritu ziren nor baino nor. Batzuetan etxalartarra aitzinetik, bertzeetan lesakarra, hamaseina berdin ere izan ziren, baina azkenean, 18-16 nagusitu zen Etxalarkoa.
Alebin A mailako finalak ere ikusmina piztu zuen, etorkizun handiko bi pilotari aritu baitziren. Igantziko Biltokiko Enaitz Telletxea eta Berako Gure Txokoako Mikel Eltzaurdia aritu ziren eta tantu gogorrak eta aski parekatuak eskaini bazituzten ere, bukatzerako orduan hobekiago asmatu zuen igantziarrak. Honela, 18 eta 6 nagusitu zen Telletxea.
Infantil A mailako finalean, Berako Gure Txokoako Harri Maritorenak bere indarra eta eskuin kolpea nabarmendu zuen eta 18 eta 9 irabazi zion Oiartzungo Oiarpeko Ekain Etxeberriari.
Beharbada partidarik orekatuena eta ikusgarriena kadete B mailako finala izan zen. Txarutako bi pilotari izan ziren aurrez aurre: Enaitz Antso oiztarra eta Iker Espelosin sunbildarra. Elkar ongi ezagutzen duten bi pilotari dira, ez baitziren alferrik elkarrekin aritu binakako txapelketan ere. Txapeldun izan ziren bikoteka. Arerio gisara, bertzearen ahultasunak bilatzen saiatu ziren, baina saiatu arren, nekez lortzen zituzten tantuak, erasoan bezalaxe, defentsan ere bikain moldatzen zirela erakutsi baitzuten. Markagailuan gorabehera dexente izan zuen partidaren ondotik, azkenean, Iker Espelosin sunbildarra nagusitu zen, 15 eta 18.
Kadete A mailako finalak ere ikusmin handia piztu zuen, kategoria horretan puntan dabiltzan bi pilotari aritu baitziren, Berako Gure Txokoako Ander Errandonea eta Lesakako Arkupeko Jon Olaizola. Partida azkar bukatu zen, sakean edo sake-errematean oinarritu baitzuten bi pilotariek jokoa. Eta batez ere beratarra gailendu zen horretan. Bi lehenbiziko tantuak Olaizolak egin bazituen ere, Errandoneak 14 eta hutseko partziala egin eta kasik erabakia utzi zuen partida. Azkenean, 18 eta 7 nagusitu zitzaion Errandonea Olaizolari.
Behin finalak bukatuta, sariak eman zitzaizkien partehartzaile guziei eta txapelak eta kopak txapeldunei eta finalistei. Sari banaketan, bortz herrietako pilota eskoletako irakasleekin batera, Ainara Flores eta Jose Emilio del Rio, Lesakako udal zinegotziak eta Fernando Berasain, Berako udal zinegotzia izan ziren.