Aitzineko urteetako arrakasta ikusita, aurten laugarrenez, salgai-hondarren feria egitea erabaki du Berako Larun-Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen elkarteak. Berako Udala, Nafarroako Kutxa eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin martxoaren 4an eginen da, igandearekin.
Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:30era herriko 9 dendarik stockean dituzten artikuluak prezio onean eskainiko dituzte Toki-Ona Kiroldegian. Zehazki, Agara Kirolak, Arturo arropa denda, Bortziriak etxetresnak, Domoservice Zerbitzu Informatikoak, Elkar liburu eta paper denda, Mertxe Artieda lentzeria, Zela Kirolak, Martzutzak arropa eta bitxiak, Yoan ileapaindegia eta estetika izanen dira aurten bere salgai-hondarrak paratuko dituztenak.
Aipatzekoa da kiroldegira sartzeko euro bat kobratuko zaiela 18 urtetik goitikoei eta horrela, zenbat jende sartzen den jakiteaz gain, sarrera horrekin, laguntzaile diren ostatuetan tragoxka bat doan hartzeko aukera izanen da, Lixoia Ostatua, Bidaxka ostatua, Auzoa ostatua, Errekalde ostatua, Zubiondo ostatua eta Xuga ostatuan, zehazki.
Azkeneko edizioan 1.500 lagun baino gehiago sartu ziren, ez bakarrik Berakoak, baita Bortziriak, Malerreka, Baztan edo Iparraldetik etorritakoak ere. Larun Haizpe elkartea kontent dago ekimen honek izaten duen arrakastarekin. Izan ere, komertzioek soberan duten stocka arintzeko aukera izaten dute bezeroentzat prezio ezin hobean, egun bat gehiago dute salmentarako eta publiko zabalagoari ailegatzen dira. Bezeroek, erran bezala, lehen mailako produktuak dituzte prezio onean.