Urtarrila eta otsailean zehar Berako Udaleko Garapen Batzordeak antolatuta, Larun Haizpe merkatarien elkartearekin elkarlanean, Berako merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea garatu da Beran. Bertan, 34 herritarrek parte hartu dute: 14 dendarik, 14 herritarrek eta 6 udal ordezkarik. Prozesu guztia biltzen duen laburpen-txostena prestatu du Udalak, eta www.berakoudala.net webgunean dago eskuragai nahi duenarentzat.
Sektorearen indarguneak, ahulguneak, aukerak eta mehatxuak aztertu dira. Bere indarguneen artean azpimarratu dira sektorearen hurbiltasuna, konfiantza, profesionalizazioa eta eskaintzen duten zerbitzu osoa; Larun-Haizpe elkartearen lana; eta sektoreak herriko ekonomiari egiten dion ekarpena.
Ahultasunen artean azpimarratu dira bezero falta; komertzianteen inplikazio handiagoaren beharra sektore gisa nahi dena zehazteko; instituzioekin lan gehiagoren beharra; turismoa eta formakuntza indartzea; sektorearen belaunaldi aldaketa falta; ordutegiak; merkataritzan euskararen egoeraren gaineko diagnostiko bat; eta irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko beharra.
Dauden aukeren artean, prozesuan zehar nabarmendu da Berako herriaren kokapena eta komunikazioa bera; Ibardingo eskaintza; herriaren potentzialitate turistikoa; herriko kultur dinamismoaren balioa eta osagarritasuna; sarean lan egitearen potentzialitatea; eta teknologia berriek ematen ahal dituzten aukerak.
Mehatxuen atalean merkataritza guneen gaia azpimarratu da. Herrigunetik kanpo azpiegitura handi batek eraginen lituzkeen kalteak adierazi dira, baina herrigunean elikagaietarako supermerkatu ttikiago baten aukerak eztabaida handiagoa jaso du, eta ez da partaide guztien artean ikuspegi bakar bat bildu.
Hamar urteren buruan Berako merkataritzak nolakoa behar lukeen zehaztu dute partaideek. Lau ideia nagusi bildu dira atal horretan: dendek bertako herritarrak zein bisitariak erakarri behar dituztela; herritarren beharrak asetzeaz gain eskaintza anitza, desberdina, profesionala eta nortasun propioduna behar duela merkataritzak; kalitatezko zerbitzuak eta zerbitzu osagarriak izanen dituen merkataritza behar duela; eta Berako auzo desberdinetan presentzia izan behar duela. Lau ideia horiez gain, hirigintza-instrumentuen laguntzaz merkataritza sendotzeko beharra antzeman da; euskararekiko lotura duen komertzioaren beharra azpimarratu da; eta egitasmo berritzaileak martxan paratzeko premia agertu da, bereziki turismoari begira.
Diagnostikoa egin eta hamar urteren bururako desiatutako eszenatokiarekin 34 proposamen bildu dira, hurrengo urteetarako lan ildoak izanen direnak. Proposamen horien artean 13 dira merkataritza hobetzeko hirigintza eta lurraldeari dagozkion proposamenak; 15 dira merkataritzak berak sustatu beharrekoak; eta 6 berriz eragile desberdinen artean landu beharrekoak. Neurri horien artean azpimarragarrienak izan dira:
- Berako merkataritza-ibilbide baten sorrera, oinezkoen mugikortasuna lehenetsiko duena.
- Aparkalekuak arautzea, mugatzea eta rotazioan paratzea.
- Irisgarritasuna hobetzea, bereziki espaloietan eraginez.
- Argiteri publikoaren hobekuntza.
- Merkatarien, ostalarien, kultur taldeen eta udalaren arteko koordinazio eta jardueren antolaketa bateratzea, sinergiak sortzeko asmoz.
- Merkataritzarentzat berezko marka bat sortzea.
- Berako merkataritzaren euskararen egoeraren diagnostiko bat egitea.
- Bezeroak fidelizatzeko ekimenak garatzea.
- Online erosteko aukera bultzatzea.
- Erosketa etxera eramateko zerbitzu bateratu bat martxan paratzea.
- Denden ordutegia zabaltzea.
- Bertako produktuak sustatzea.
- Herriko komertzioan eta arduraz erosteko garrantzia azpimarratzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea.
- Komertzioen berrikuntza estetikoa lantzea.
- Herria eta espazio publikoa dinamizatzeko ekintzak eta jarduerak bultzatzea.
- Turistikoki herria garatzea.
Proposamen eta ideia guztiak bilduta, ibilbide-orri hau garatzeko merkataritza sektorearen inplikazio eta konpromiso beharra azpimarratu dira, eta Larun-Haizpe elkarteak motore izan behar duela azpimarratu da, udalaren laguntzarekin, zein bertze eragile batzuen parte hartzearekin. Orain, Udaleko garapen batzordean proposamen eta ideia hauei forma nola eman aztertuko da, eta ekimen zehatzak martxan paratzen joanen dira.