Kultur arloan poliki-poliki eredu partehartzailea aplikatzen saiatzen ari da Lesakako Udala eta alde horretatik, kultur eta kirol dirulaguntzak banatzeko irizpideak elkarlanean egin dira. Herriko Etxearen proposamena landuko da martxoaren 1ean, ortzegun arratsaldeko 18:00etan eginen den bileran.
Kultura eta kirol dirulaguntzen banaketaren harira, kultur zein kirol taldeekin biltzen ibili da Lesakako Herriko Etxea diru-laguntzak banatzeko irizpide batzuk finkatu nahian. Nahiko prozesu luzea izan da, baina Peio Etxabide alkateak aipatu digunez, «uste dugu aukera bat izan dela talde ezberdinak beraien proposamenak egiteko eta kezkak azaltzeko». Ondotik, udaletik dirulaguntzen banaketaren proposamen bat landu dute eta hau, martxoaren 1ean, ortzegunean, arratsaldeko 18:00 taldeekin lantzeko intentzioa dute. Gaia nahi baina gehiago luzatu bada ere, ortzegun honetako bileran prozesu honekin bukatzea aurreikusten dute Herriko Etxetik. Horretarako Udalaren proposamena bertan azalduko dute, nahiz eta hau ez den itxia eta taldeek nahi dituzten ekarpenak eta aldeketak egin ahal izanen diren.
Eredu partehartzaile horren bertze adibidea Olentzeroko batzordea izan zen, joan diren Eguberrietako lehiaketan zenbait aldaketa eta proposamen landu zituena. Esperientzia aberasgarria izan dela uste dute Udalean, «denen ahotsak entzuteko parada eman baitu eta batzordeko kideen inplikazioak, egunaren antolaketan eta batzordeetan egindako ekarpen eta elkarlana eredugarri iruditu zaizkigu».
Azkenik, orain dela gutti San Ferminetako besta batzordea martxan jarri da, hau bi astetik behin biltzen da ortziralakin arratsaldeko 18:00tan. Momentuz, 15 lagun inguru bildu izan dira adin desberdinetakoak, kultur taldeetatik, gazte taldeetatik zein ostalariak ere.
Auzolan Batzordea
Gure inguruan aspaldiko ohitura den auzolana berreskuratzeko asmotan dabil Lesakako udala. «Herrian gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoa zein den ikusteak, tresna honek duen garrantziaz konturatzen lagundu digula ohartzen gara», aipatu digu Peio Etxabide alkateak. Auzolanean, lan ezberdin aunitz egiteko aukera ikusten du Udalak (bideen mantenimendua, mendiko bidaxkak garbitu, landaketak, besta ondoko garbiketa…) honek herriarentzat ekar dezakeen onura ekonomikoaz gain, herriaren kudeaketan parte hartzeko bertze modu bat dela iruditzen baitzaio. Hau dena martxan jarri eta honen inguruko plangintza bat osatzeko, herritar guzientzat idekia den batzordea sortuko da, interesatua dagoen edozeinek parte hartu eta bere proposamenak egin ahal izateko. Lehenbiziko bilera martxoaren 19an eginen da, udaleko batzorde gelan eta ondotik eginen diren bileren deialdiak, baita lehenbiziko hau ere herrian zehar jarriko diren kartelen bidez eginen da.