Urteko batzarra egin du Berako Gure Txokoa elkarteak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 29a

Gure Txokoako zuzendaritza batzordeko kideak larunbateko batzarrean. Utzitako argazkia

Aurrekontua zerbait murriztuko den arren, ekitaldi beretsuak antolatzen segituko du aurten

Joan den larunbatan, otsailaren 25ean, Berako Gure Txokoa elkartek urteroko batzar orokorra egin zuen. Bertara 40 bazkide bildu ziren. Iazko aktaren irakurketa eta onarpenaren ondotik, 2011ko kontuak aurkeztu, explikatu eta zuzendaritza batzordeak urteko kontuen eta burututako ekimenen balantzea egin zuen.

Joan den larunbatan, otsailaren 25ean, Berako Gure Txokoa elkartek urteroko batzar orokorra egin zuen. Bertara 40 bazkide bildu ziren. Iazko aktaren irakurketa eta onarpenaren ondotik, 2011ko kontuak aurkeztu, explikatu eta zuzendaritza batzordeak urteko kontuen eta burututako ekimenen balantzea egin zuen.

Kontuei dagokienez, iaz 84.500 euro inguruko aurrekontua izan zuen Gure Txokoa. Gasturik handiena futbolak sortzen du, 22.200 euro inguru eta Lurraren Egunak 10.000 euro, nahiz eta azken honen gastu gehienak Udalak hartu bere gain. 2012an aurrekontua zerbait murrizten saiatuko da elkartea, dirulaguntzak ere murriztu egin direlako.

Futbolean 140 jokalari inguru daude Gure Txokoaren izenean jolasean eta datorren denboraldirako nesken taldea ateratzeko aukera aztertzen ari da. Areto futbolean, 12na jokalariz osatutako bi talde daude.

Pilota arloan, txapelketa ezberdinetan parte hartzen duten 50 pilotari ditu.

Txirrindularitzan, ohikoak diren probez gain (Felix Errandonea memoriala, BTT itzulia, Larunera igoera), jendeak gustura hartu zuen Trialsin proba bat antolatu zen. Normalean udan antolatzen den txirrindularitza proba aurten Donostiako Klasikarekin koinziditu zuenez ezin izan zen burutu. Aurten ere ohiko probak antolatuko dira, Larungo igoeran aldaketaren bat izanen bada ere. Gainontzeko probak, trialsin eta afizionatuena, antolatzeko asmoa bazen ere, hagitz garestiak gertatzen direnez Gure Txokoak baloratu beharko du antolatzeak merezi duen edo ez.

Atletismo sailean Altzateko bestetan emakumeendako laisterketa eta urrian Lizuniagako igoera antolatzen dira.

Dantza saila ekonomikoki galerak ez duen sail bakarra da, Berako bestetako festibalari eta udalarekin dagoen akordaioari esker. Dantzariek Iñude eta artzaiak, bestetako festibala, Dantzari Txiki Eguna, egiten dituzten irteerak eta haur eta gazteekin egiten duten lana goraipatu eta eskertu zen. Aurten, elkarteak Ibardinekin duen diru laguntza hitzarmenak bertan ekitaldi pare bat egitea eskatzen du.

 

Lurraren Egunaren 25. urteurrena ospatu zen

2011an Lurraren Egunaren 25. urteurrena ospatu zen, eguraldi onaren laguntzaz primeran ateri zena. Gainera, 25. urteurrena zela eta Bestetako altxaferua bota zuen Gure Txokoa elkarteak.

Iamotenean bi ipuin kontalari saio eta Rakel Rico eta Asier Gogortzaren argazki erakusketak antolatu ziren. Ricorena emakumeek baserritan egindako lanari buruzkoa zen eta Gogortzarena bunkerri buruzkoa. Iñauterietako larunbatean dagoenekoa ohitura den mus txapelketa antolatu zen eta dirua lortu ahal izateko Eguberritan loteria saldu zen.

Bi bodegeroen lana eta iazko batzarrean onartutako arauei esker, lokal gastronomikoan lortutako aldaketa ere goraipatu zen. Honi esker, lokala gehiago eta hobe erabiltzen da, merendolen gaiak arazoak sortzen segitzen duen arren.

2012an modu berdinean lan egiten segituko da eta diru irabaziekin Iamotenean moldaketa batzu eginen dira.  

Zuzendaritza Batzordetik eskerrak eman nahi izan dizkiete Berako Udalari, Ibardin, Martiko, Nafarroako Kutxa, La Caixa, Larun Haizpe eta laguntzaile guztiei, baita entrenatzaile, monitore eta laguntzaile guztiei ere beren lanagatik. Guzti hauen laguntza eta lanarik gabe, ezinezkoa izanen baitzen Gure Txokoa elkarteak egiten dituen ekitaldi guziak aitzinera eraman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun