Jose Luis Sunsundegi da Beti Gazte elkarteko presidente berria, otsailaren 11ko batzarrean aukeratua suertatu ondotik. Sunsundegik, 1996tik honat presidente izan den Salvador Yanci ordezkatuko du. Patxi Saenz izanen da kultur arloko presidente ordea eta Jesus Mari Zapirain kirol arlokoa. Salvador Yancik ez du oraindik elkarteko ardurak erabat utziko, erakundeekiko harremanetan ariko baita. Idazkaritzan Modesto Maia izanen da, diruzaintzan Ana Errandonea, mantenimenduan Joxe Mari Gurrutxaga, kulturan Marisol Irigoien, mendi sailean Bixente Igarzabal eta Diego Garibai, txirrindularitzan Beñardo Iantzi, Joxemi Maritxalar eta Javier Igartzabal, oinarrizko futbolean Juan Angel Ordoki eta Alberto Arakues eta futboleko bokalietan Kotte Iantzi, Iñigo Altzugarai Abaxkene eta Mikel Oiartzabal. Prentsa arloa eta web orriaren kudeaketa Juanjo Guerrero eta Javier Oiartzabalen esku segituko du.
Urteko aurrekontua 108.000 euro ingurukoa izanen da eta urteroko ekitaldi beretsuekin segituko dute mila bazkide baino gehiago dituen elkartean. Zazpi futbol talde federatu zelairatzen ditu astero Beti Gaztek eta Mastegin, alebin eta benjamin mailako futbol eskola eta txapelketa ere antolatzen ditu. Txirrindulari eta mendi taldeak ere astero ateratzen dira. Aurten, bi urtetik behin antolatzen den Lesakako Mendi Itzulia antolatuko da ekainaren 17an, hamekagarren edizioa. Horretaz gain, joan den urtean hasitako ibilbideari segituz, Santiago Bideko lau etapa eginen dira. Martxoaren 25ean Iruña eta Gares artekoa eginen da eta ondoko hilabetetan, Gares-Aiegi, Aiegi-Sansol eta Sansol-Logroño. Irakurketa Klubaren baitan, aurten Beti Gazte Kantuz ekimen berria gauzatu nahi da, kantu zaharrak ikasiz. Gainera, oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, Beti Gazteren Eguna edo Astea ere antolatu nahi da eta Mastegi futbol zelaian belar artifiziala aldatzeko asmoa ere hor dago.