Amatasun bajarekin dagoen liburuzaina ordezkatzeko Nafarroako Gobernuak bertze inor kontratatu ez zuelako Berako liburutegia hiru astez itxia egon da, baina berriz ere zabalik dago otsailaren 21etik aitzinera.
Joan den ortziralean, Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Erakundeetako Harremanetarako kontseilaria den Juan Luis Sanchez Muniainek, behin betirako liburuzaina izendatzen den bitartean ordezko bat paratuko zutela jakinarazi zion Marisol Taberna alkateari eta asteartean hasi zen lanean.
Berako Udalak gogor kritikatu zuen amatasun baja ez ordezkatzea eta liburutegia erabiltzen duten beratarrak eta bortziritarrak zerbitzurik gabe uztea. Berako Udalari onartezina iruditu zitzaion amatasun baja bat ez ordezkatzea,” eta krisiaren aitzakian horrelako murrizketek oinarrizko eskubideei eraso egiten dietela” kritikatu zuen. “Batetik, amatasunaren eta honen eskubideen kontra egiten du Nafarroako Gobernuak, beharrezko ordezkoak ez paratuz, eta emakumeen papera gutietsiz. Eta bertzetik, herritarrek liburutegia erabiltzeko duten oinarrizko eskubidea urratzen ari da, instituzio hau kulturarako sarbide unibertsala eta oinarrizkoa baita” zioen bere idatzian.
Berriki liburutegietako lanpostuetarako oposizioak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Berako liburutegiko lanpostua zegoen tartean, eta hutsik gelditu da.