40 bat zakozarrek parte hartu zuten inauterietako igandean Lesakan. Aitzinetik, zakozar ttikien kalejira ere egin zen Lesaka trikitixa taldearekin, etorkizunean ere ohitura segurtatua dagoela erakutsiz.
Zakozar nagusiak musika bandaren laguntzaz egin zuten kalejira. Musikariek Lesakako Inauteriak pieza jo zuten behin eta berriz eta zakozarrak karrikaz karrika ibili ziren mairuak eta gainerako ikusleak uxatzen. Horretan, Altsasuko Momotxorroaren antzeko pertsonai baten laguntza ere izan zuten ustekabean. Zakozarrak Zabaleta dorrearen parean, Antoiun, Eskol-Ttikin eta Bittiria karriketan gelditu ziren, atseden hartzera eta monttonkak egitera. Jostunek, zakuen urratuak moldatzeko eta galdutako pizontzien ordez, bertze berriak emateko aprobetxatzen zuten geldialdi horiek.
Behin ibilbidea bukatutakoan, plazan zakuak urratu eta belarrekin jolasean ibili ziren haur eta gaztetxoak.
Inauterietako Astelehena
Igandean Goitarrek egin zuten bezala, inauterietako astelehenean 25 bat Fraindarrek bere eskea egin zuten Frain eta Otsango auzoen barna. Eguerdi partean plazan hainbat karroza ikusi ziren: indiarrak eta bakeroak, gay harrotasunaren karroza, batukada, Noeren arka bere animali guziekin, ileapaindegia, Dakar Rallya eta bertze hainbat mozorro eder.