Lesakako inauterietako berezko pertsonai bat bada, hori zakozarra da. Igande arratsean aterako dira musika bandaren laguntzarekin, baina aitzinetik ttikienak ere ibiliko dira. Baina zakozarraz gain, bertze hainbat ekitaldi izanen dira Lesakako inauterietan.
Ortzegun Gizen egunez Arraultze Arraultze eskean ibili ziren neska-mutikoak eta larunbat arratsean hasiko dira lehen mozorroak ikusten Lesakan. Larunbateko bestaren ondotik, otsailaren 19an, igande goizeko 08:00etan hasita Goitarrak Auzoberri, Endara, Zala eta Nabaz auzoetan ibiliko dira. Arrats partean ailegatuko dira herrira. 17:00etan Zakozar eta Mairu ttikien kalejira eginen da Lesaka trikitixa taldearekin. 18:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean. 19:00etan Zakozarren kalejira eginen da, Musika Bandarekin, Arrano Elkarteak antolatua.
Otsailaren 20an, astelehen goizeko 08:00etan Fraindarrak Arraultze-Arraultze eskean ibiliko dira Frain auzoan. Eguerdian, inauterietako karrozak izanen dira plazan, sorpresa bat baino gehiagorekin. 18:00etan Dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean.
Asteartean ere, Fraindarrak taldeko kide batzuk puxkak biltzen ibiliko dira.