Jose Luis Sunsundegi da Beti Gazte elkarteko presidente berria, otsailaren 11ko batzarrean aukeratua suertatu ondotik. Sunsundegik, azkeneko hogei urte baino gehiago karguan eman dituen Salvador Yanci ordezkatuko du. Patxi Saenz izanen da kultur arloko presidente ordea eta Jesus Mari Zapirain kirol arlokoa.
Salvador Yancik ez du oraindik elkarteko ardurak erabat utziko, erakundeekiko harremanetan ariko baita. Idazkaritzan Modesto Maia izanen da, diruzaintzan Ana Errandonea, mantenimenduan Joxe Mari Gurrutxaga, kulturan Marisol Irigoien, oinarrizko futbolean Juan Angel Ordoki eta Alberto Arakues eta futboleko bokalietan Kotte Iantzi, Iñigo Altzugarai eta Mikel Oiartzabal. Prentsa arloak Juango Guerrero eta Javier Oiartzabalen esku segituko du.
Urteko ekitaldiak
Urteko aurrekontua 108.000 euro ingurukoa izanen da eta urteroko ekitaldi beretsuekin segituko dute mila bazkide baino gehiago dituen elkartean. Aurten, bi urtetik behin antolatzen den Lesakako Mendi Itzulia antolatuko da ekainaren 17an, hamekagarren edizioa. Horretaz gain, joan den urtean hasitako ibilbideari segituz, Santiago Bideko lau etapa eginen dira. Martxoaren 25ean Iruña eta Gares artekoa eginen da eta ondoko hilabetetan, Gares-Aiegi, Aiegi-Sansol eta Sansol-Logroño. Irakurketa Klubaren baitan, aurten Beti Gazte Kantuz ekimen berria gauzatu nahi da, kantu zaharrak ikasiz. Gainera, oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, Beti Gazteren Eguna edo Astea ere antolatu nahi da eta Mastegi futbol zelaian belar artifiziala aldatzeko asmoa ere hor dago.