Musikaria eta historiazalea. Egoitz Telletxearen bi ezaugarri horiekin bizbat eginez, inauterien historiaz eta inauterien barnean bizi dituen istorioetaz galdegin diogu. Musika bandarekin mozorrotzea gogoko du, baina ez da inoiz zakozar atera, «belar idorrak izaten duen hautsak kalte» egiten diolako. «Pena hori zakozarrei musika jarriz konpentsatzen dut», dio.
Zer da Lesakako inauterietan gehien gustatzen zaizuna?
Astelehena da egun guztian izaten den giroagatik. Gainera bandako kideok halako "txaranga" bat montatzen dugu eta urtero mozorro "tematikoak" egiten ditugu.13 urte nituenetik ateitzen naiz bandarekin eta posible zaidan artean berdin segituko dut.
Zer behar da mozorro on bat egiteko?
Buruari eman eta originala izaten saiatu. Gero eta zailagoa da baina...
Historia ere gogoko duzu… Noiztik ateratzen dira zakozarrak inauterietan?
Zakozarrak berez ez dira inauteritako pertsonaiak. Jatorrian garizumako 4 edo 5 igandetan ateratzen ziren ilunabar aldera eta isiltasun osoan. Herriari buelta eman eta desagertu egiten ziren. Normalean ez zen jakiten zakozar ateritakoen nortasuna. Honi itxura penitentziala aurkitzen diot nik, anonimotasuna, zakua, belarra... gerra garaian galdu zen. 1977edo 78an berreskuratu zen baina jada bertze zentzu batekin, garizumako pertsonaia bat inauteritakoa bihurtuz.
Eta Fraindarrak, Goitarrak… Noiz hasi ziren ateratzen?
Lesakan inauterietan eskean ibiltzen ziren hiru talde izan ziren: Goitarrak, Nabaztarrak eta Fraindarrak. Gaur egun Goitarrak eta Fraindarrak bakarrik gelditzen dira. Goitarrak eskean noiz hasi ziren ezingo nuke datu zehatzik eman, Fraindarrak bertze alde 1970 sortu ziren herriko zenbait gazteren eskutik bertze bi taldeek hartzen ez zituzten auzoetan eskean ibiltzeko. Egia erran giro ederra jartzen dute bi taldeek. Bitxikeria bezala kontatu daiteke Nabaztarrak eskean ateri ziren azken urtean nabaztar bakarra ateri zela, kordiona eta guzi. Nahiko xelebrea izan omen zen hura.