«Kaldereroak familia giroko ospakizuna bihurtu dira»

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 9a

Ritxi Abril, kaldereroen ezkon-zeremonia gidatzen. TTIPI TTAPA

Kalderero eta inude eta artzaiak laguntzen duen musika taldean ez du hutsik egiten, ez baitu inauteria musikarik gabe ulertzen, «bizitza bera ulertzen ez den bezala». Kaldereroen formatoak gazteak ez dituela erakarri uste du, «kaldereroak famili giroko ospakizuna bihurtu dira. Gurasoak umeekin mozorroturik ateratzeko momentu bat. Horrek bere alde onak eta bere gabeziak dakartza».

 

Zer da Berako inauterian gehien gustatzen zaizuna?

Inauteriak besta bereziak dira eta hortaz edozein momentutan eta edonorekin gustuko momentuak bizi daitezke. Hortaz ez nuke momentu jakin bat aukeratuko, edozein unetan, inauterien magiak harrapa zaitzake eta! Gosari batean, baserritan puskak biltzen zingar-arrautzean, musika jotzean, adarra jotzean, antzeztean, taberna batean, kalean…egunsenti edo gabean!

Zer behar da mozorro on bat egiteko?

Honako errezetarekin gaizki ez zara ibiliko: Lehenik etxeko armairu zaharrak astindu eta trapu zahar batzuk hartu, ondoren atre­zzo osagai baten bat gehitu (margoa, peluka, antiojuak …), gero mozorroa imajinazioaz hornitu, jarraian pertsona izateari utzi eta pertsonai bihurtu, eta azkenik umore dosi handi batekin saltsa sortu.

Antzerkian ere ibilia zara. Inauteriek antzerki punttu bat izan behar dute?

Dudarik ez! Inauterietan aktore eta aktoresa potentzial asko dagoela ohartzen zara. Sarri bertze pertsonai baten larruan sartuz, pertsonek gure barrua ere erakusten dugu eta egunerokotasunean ezkutuan daramaguna azaleratzen. Besteekiko errespetua mantenduz eta irainean erori gabe, jendea zirikatu, norbera bere buruaz irri egin eta errealitateaz trufa egiteko aukera ederra eskaintzen dute inauteriek.

Gogoan gelditu zaizun mozorroren bat…

Koadrilan egindakoen artean, Frantziako Tourra irudikatu genuenekoa edo zanpantzarrez mozorrotuz sortu genuen iskanbila ditut gogoan eta lagun kide batekin batera, Bittori irratia eta 36eko Joxe Antoniorekin egindako saioa. Gaur egun, familiak edo lan egoe­rak direla, karroza gutxi ateratzen dugu, agian karroza bihurtzen hasiak baikaude!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun