Bi asteburutan ospatzen dira inauterietako ekitaldiak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 9a

Inude eta Artzaiak. Utzitako argazkia

Berako inauteriek bi asteburu hartzen dituzte. Izan ere, larunbat honetan, otsailak 11, kaldereroak aterako dira 19:00etan, Illekuetatik Herriko Etxeko Plazarainoko ibilbidea eginez (Altzateko frontoian eguraldi txarrarekin). Otsailaren 9 eta 10ean, ortzegun eta ortziralarekin, entsaioak eginen dituzte Musika Eskolan 20:00etan.

 

OTSAILAK 15, asteazkena

Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak antolatutako Inauteri besta ospatuko da. 16:30 Kalejira herrian barna, Zahar Etxea bisitatuz. Ondotik, entzunaldia, mozorro lehiaketa eta berendua eginen dira.

OTSAILAK 16, ortzeguna

Goizean haur taldeak puxkak biltzen ibiliko dira eta ondotik, Ortzegun Gizen arratsaldeko ibilbidea Suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura abiatuko da 15:45ean. Euria eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan dute hitzordua 16:00etan. 16:30ean Euskaraokea eginen da. Ekitaldi hau Berako Udalak antolatzen du, Ricardo Baroja Eskola Publikoa, Labiaga Ikastola, Jesusen Bihotza ikastetxea eta Toki Ona Institutuaren laguntzarekin.

OTSAILAK 19, igandea

Inudeak eta artzaiak goiz osoan herrian barna ibiliko dira, Eztegara pilotalekutik hasita. Gure Txokoa elkarteak antolatzen duen ekitaldi honek 18:00etan izanen du segida, Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara joanen baitira. Entsaioak otsailaren 15ean (asteazkena) eta 17an (ortzirala) eginen dira 20:00etan Eztegara pilotalekuan. Bazkarirako txartelak ere entsaio egunean salduko dira.

OTSAILAK 20, astelehena

Inauterietako Astelehenean, goizean zingar arraultze eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun