Nafarroako Gobernuak erabaki du Berako liburuzainaren amatasun baja ez ordezkatzea, eta herritarrak zerbitzurik gabe uztea. Berako Udalak erabaki hau gogor kritikatu, eta oinarrizko eskubideak urratzen ari direla salatu nahi du Nafarroako Gobernuaren aitzinean. Berako Udalak oroitarazi nahi dio Gobernuari, sinatutako hitzarmenaren arabera, Gobernua berari dagokiola Liburutegi Sarearen bidez liburutegiaren funtzionamendu eta zerbitzu egokia ematea, horretarako, bertzeren artean, liburuzaina kontratatuz.
Berako Udalari onartezina iruditzen zaio amatasun baja bat ez ordezkatzea,” eta krisiaren aitzakian horrelako murrizketek oinarrizko eskubideei eraso egiten dietela” kritikatu du. “Batetik, amatasunaren eta honen eskubideen kontra egiten du Nafarroako Gobernuak, beharrezko ordezkoak ez paratuz, eta emakumeen papera gutietsiz. Eta bertzetik, herritarrek liburutegia erabiltzeko duten oinarrizko eskubidea urratzen ari da, instituzio hau kulturarako sarbide unibertsala eta oinarrizkoa baita” dio bere idatzian.
Berriki liburutegietako lanpostuetarako oposizioak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Berako liburutegiko lanpostua zegoen tartean, eta hutsik gelditu da. Ondorioz, gutienez bertze bi hilabetean liburutegi zerbitzurik gabe utziko ditu beratarrak, eta bide batez Bortzirietako eta inguruetako hainbat herritar ere. Liburutegia zerbitzurik gabe egon da azken hamabortz egunetan.
Berako Udalak dioenez, “lehendik ere oposizio aldian lanpostu horretarako euskararik ez eskatu izanarekin herriaren beharrei eta errealitateari muzin egin dio Gobernuak, eta orain, berriz ere, erakusten du bigarren mailako herritartzat hartzen gaituztela”.
Liburuzain lanpostua berehala ordezkatu dezala exijitu dio Nafarroako Gobernuari. Horretarako, behar diren ekimenak jarriko ditu martxan Berako Udalak, eta Nafarroako Parlamentura ere eramanen du eskaria.