Biltoki elkarteak zuzendaritza batzordea berritu du. Hamabi lagunek osatzen dute batzordea eta urtero erdia berritzen da. Horixe egin zuten urtarrilaren 21ean. Idoia Urtxegi presidentea, Rosa Sein diruzaina eta Jabier Telletxea, Miren Mitxelena, Aitor Almandoz eta Xabi Almandoz bokalak juntatik atera dira eta horien ordez, ondoko hauek sartu dira: Ana Irigoien lehendakaria izanen da, Jone Urtxegi diruzaina eta bokalak Beñardo Petrikorena, Xabi Aranguren, Jose Luis Sein eta Gaspar Sein. Bertze urte batez, zuzendaritzan segituko dutenak hauek izanen dira: Iban Txoprena lehendakariordea, Amaia Goienetxe diruzaina, Sonia Taberna idazkaria eta Mari Karmen Etxeberria, Urtzi Loiarte eta Mikel Urtxegi bokalak.
Zuzendaritza batzordea aldatzeaz gain, hainbat gai izan zituzten hizpide Biltokiko batzarrean. Horien artean, elkartean Internet paratzea erabaki da eta web orria egitea ere proposatu da.
Olentzeroren gaia ere mahai gainean izan zen. Bere garaian, Biltoki elkartea izan zen Olentzero antolatzen hasi zena, eta gerora bertze elkarteekin elkarlanean antolatzeari ekin zion. Antolaketa lana berriz Biltokiren esku gelditzea proposatu da, eta bertze elkarteen laguntzarekin eginen luke.