Xakean punta-puntan ari diren Unai Garbisu eta Mikel Ortega jokalariak herrian izanen ditugu otsailaren 26an, igandean. Biltokin edo eskolan izanen dira, 11:00etatik aitzinera.
Unai Garbisuk palmares bikaina du gibeletik: Nazioarteko Maisua da, Nafarroako Txapelduna, 1999ko Euskadiko Txapelduna, 1995eko Espainiako Txapelduna gazteen mailan, Espainia mailan 30 onenen artean dago, xake jokalarien abilidadea neurtzen duen ELO metodoaren arabera, 2.444 puntu ditu.
Mikel Ortega, berriz, Espainiako 12 urtez azpiko mailako txapelduna da. Garbisu zein Ortega Orvina Xake Elkarteko kideak dira eta gure herritik pasako dira euren jokoarekin harrituta uzteko asmoz.
Simultanea izeneko partidak jolasten hasiko dira: beraietako bat agertzen direnen aurka aldi berean ariko da (50 aurkarien kontra aritzen ahal dira!). Gero, itsu moduko partida bat jokatuko dute; Unai, begiak estalita, bertara hurbilduko den ausart baten aurka ariko da. Partida pantaila haundian ikusiko dugu eta Mikelek komentatuko digu.
Ikuskizun itzel honetaz disfrutatzeko ez da xake jokalari aparta izan behar: jokoa gustukoa izatea eta aritzen jakitea nahikoa litzateke. Adina ere ez da oztopoa izanen, 6-99 urte bitarteko guztiak etortzen ahal dira eta.
Bortzirietako xake-zaleak Igantzira gonbidatu nahi ditugu, ea guztien artean munstro hauek zailtasunean paratzen ditugun eta auskalo, ea norbaitek partida irabazten dien!