Honez gero, iragarriak ditugu baina sekula ez da sobera izaten inauteri kontuak oroitaraztea. Ortzegun honetan, otsailak 9, mozorro saltsa hasiko da eta igande goizaldera bitarte batek baino gehiagok besta arrastoarekin jarraituko du.
Bakoitzarentzat bere herrikoak izaten dira hoberenak… eta herriko bestak nahiz inauteriak aukeratzeko emanda, edonork dudatuko luke. Ahal duenak eta gogoa duenak, bete-betean ospatzen ditu bi data seinalatuak… Orain, ordea, inauteriak ditugu. Bertako eta ingurukoentzat erakargarriak izaten dira egun hauek eta batez ere, larunbatean biltzen da jende gehien. Hiru eguneko egitarauan murgiltzear daude herritarrak. Mozorro Xurien ardura izaten da inauterien antolaketa baina erran beharrik ez dago, herritarren borondate, harrera eta eskupekoari esker aitzin egiten zaiela gastuei.
Mozorro Xuriak, helduak nahiz gaztetxoak puxka-puxka ibiliko dira. Ortzegun eta ortziralean, baserrietan eta herri kaxkoan, hurrenez hurren, helduak ibiliko dira; gaztetxoak, berriz, ortziralean hasita. Hori bai, eskolako lagunek, ortzegunean Mozorro Xurien bisita jasoko dute goizean eta kolorezko bizkarreko eleganteak prest dituztenez, bizkarrean paratuko dizkiete. Arratsaldez, eskolan mozorro besta izanen dute.
Ortziralean, Burlada jatetxean emakumeen afaria izanen da; Aterpean, berriz, Sebastian Lizaso eta Jexux Mari Irazurekin bertso afaria. Eta gauerditik aitzinera, bertako musikaria den Modestok arratsa alaituko du gorapean.
Larunbat arratsaldean, haur mozorrotuen desfilea eta berendua eginen dira. Mezondoan, Mozorro Xurien arteko herri kirol desafioa izanen da. Agian, ilunabarrean, Mozorro Beltzen agerraldia izanen da, auskalo! Eta arratsean gorapean, Hobenauke taldearekin dantzaldia izanen da.