Ehun bat bago landatuko dituzte Arantzako eskolako neska-mutikoek otsailaren 8ko Zuhaitzaren Egunean

Nerea ALTZURI 2012ko otsailaren 7a

Bertzalde, ikasleen marrazkien artean aukeratuko dute eskolako logotipoa

Urtero bezala, otsailaren 8an, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin, Zuhaitzaren Eguna eginen da Arantzako eskolan. Ekimen hau eskolaren eta Arantzako Udalaren artean antolatzen da.

Urtero bezala, otsailaren 8an, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleekin, Zuhaitzaren Eguna eginen da Arantzako eskolan. Ekimen hau eskolaren eta Arantzako Udalaren artean antolatzen da.

Ehun bat bago landare landatuko dira. Asteazken goizean, oinez landaketa lekura joan eta bazkal tenorea arte, zuhaitzak landatzen ariko dira, tartean hamaiketakoa eginez. Bertze aldietan bezala, haur bakoitzak, nahi badu, bere izena paratuko dio landatutako arbolari. Modua duenak, berriz, etxetik aitzurra ekartzen ahal du. Bertzalde, Haur Hezkuntzako ikasleek udaberrian lore landaketa eginen dute.

 

Arantzako eskolan logo bila eta ikastaroak egiten

Egun hauetan eskolaren logoa aukeratzen ere badabiltza. Guraso eta irakasleek, ikasleek eginiko marrazkien artean aukeratuko dute.

Bertzalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak fruta eta barazkien kontsumoa bultzatzeko abian jarri duen kanpainaren barne, Haur Hezkuntzako haurren artean fruta gosaltzen hasi dira. Ikasturte akaberarte astero fruta banatuko da.

Hirugarren zikloko eta DBHko ikasleak, berriz, pilotak egiten ikasten ari dira. Lekaroz­ko ILZko Migel Ustariz irakaslea astearte arratsaldez gaztetxoekin izaten da. Ustariz bera, irakasleei zuzenduriko oinarrizko gaitasunen inguruko ikastaro intentsibo bat ere ematen ari da.

Heldu den ikasturtea prestatzeko unea ere heldu da eta aurrematrikulazioa otsailaren 6tik 13ra eginen da. Hurrengo ikasturterako bortz ikasle berri aurreikusi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun