Berako merkataritzari buruzko gogoeta prozesu parte-hartzailea abian paratu dute Berako Udalak eta Larun Haizpe merkatarien, ostalarien eta zerbitzu enpresen Elkarteak. Prozesuan 50 beratarrek parte hartzea nahi zen, baina azkenean 35 bat izan dira orain arte Beralandetan egindako bileretan parte hartu dutenak. Berako komertzioaren ahulguneak eta indarguneak zein diren, beratarren erosketa ohiturak eta nolako erosketa eremuak behar edo nahi dituzten aztertzeko biltzen ari dira.
Lehenbiziko bilera urtarrilaren 16an egin zen “Berako merkataritzaren etorkizuna. Zein da hemendik 10 urtera Berako merkataritzarentzat nahi dugun geroa?” izenburupean. Urtarrilaren 23an, “Zein da gaur egungo merkataritzaren egoera? Zein sendotasunak, ahultasunak, erronka nagusienak? Ze inertzia du?” galderei erantzuten saiatu ziren.
Otsailaren 6an, astelehen arratsaldeko 19:30etik 21:30era “Zein dira Berako merkataritzaren lehentasunak? Zein egitasmok behar dute bultzada nagusia?” galderei erantzun eta prozesuaren ondorioak lantzen saiatuko dira. Saio guziak dinamizatzeaz Prometea taldea arduratzen ari da.