Lesakako Udalak 2,7 milioi euroko aurrekontua izanen du aurten

Aitor AROTZENA 2012ko urtarrilaren 27a

Bilduren aldeko botuekin eta PNVren kontrakoekin onartu zen iazkoa baino ttikixeagoa izanen den diru-saila

Lesakako Herriko Etxeak 2.753.260 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten, Bilduren aldeko botuekin eta PNVren kontrakoekin onartutako udal aurrekontuaren arabera. Andra Mari Zahar Etxeko aurrekontua, berriz, 700.900 eurokoa izanen da.

Lesakako Herriko Etxeak 2.753.260 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten, Bilduren aldeko botuekin eta PNVren kontrakoekin onartutako udal aurrekontuaren arabera. Andra Mari Zahar Etxeko aurrekontua, berriz, 700.900 eurokoa izanen da.

Azken urteetan bezala, udalaren zorra kontuan hartuz, guttieneko aurrekontu bat izanen da, eta inbertsio gutti eginen dira. 398.000 euro joanen dira inbertsiotan, gehiena azpiegituren mantenurako, auzoetako bideak moldatzeko, landatze lanetarako eta gutti gehiago. 400.000 euro inguru, aitzinetik eskatutako maileguen amortizazioan joanen da eta kopuru horretatik 150.000 euro interesak ordaintzeko soil-soilik izanen dira. “Gastu soziala eta euskararen diru-sailak mantendu dira eta gastu arruntetan eta langilegoan jautsi egin da, 56.700 euro”. Udal langileek lan-zama gehiago hartzeko borondatea erakutsi dute eta gauza aunitz auzolanean egiten segitu beharko dela azpimarratu dute Herriko Etxetik, horretarako beharrak aztertuko dituen lan-talde bat sortuz.

Halere, aurten Kultur Etxea eginen da, baina diru-sail hori ez da ageri aurrekontuetan, dirulaguntza abenduan sartu zelako eta legez, ondotik aurkeztu behar delako aurrekontuen moldaketa. Gogoratu behar da Madriletik 3,6 milioiko dirulaguntza eman dutela eta diru hori dagoeneko udal kutxetan dago eta lanak abiatu dira.

Bertze aldetik, herri batzarretan 120 lagunek parte hartu dute eta erantzun positiboa izan dela uste du Herriko Etxeak. Herritarrak udalaren zorrarekin kezkatuak agertu dira, baina udal berriaren partehartzea eta gardentasuna baikorki baloratu omen dute.

 

Lur ez urbanizagarrien afera

Bertze aldetik, lur ez urbanizagarrien afera ahal bezain abudo moldatzeko asmoa ere azaldu dute Herriko Etxetik. Azken hiru urteetan lur horietan eraikitzeko espediente guziak geldiaraziak ditu Nafarroako Gobernuak, herrian 16 inguru. Lur ez urbanizagarrian eraikitzeko araudia egitea eskatzen dute Iruñetik eta aitzineko Udalak proposamena aurkeztu zuen, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu eta aldaketak proposatu zituen. Geroztik, POT edo Lurraldearen Antolaketa Plana ere onartu da, eraikitzeko oraindik ere baldintza gogorragoak ezartzen dituena. Gai garrantzitsua da eta kontuz aztertu beharrekoa dela aipatu digu Peio Etxabide alkateak: “Ez dugu presarekin ibili behar eta behin behineko soluzio bat bilatu nahizik txapuza bat egin, etorkizunean herria nola garatu behar den horrek zehaztuko baitu araudi horrek”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun