2012rako egitaraua prest du Kultura Batzordeak, eta hilabetez hilabete gisa aunitzetako ekitaldiak iragarri ditu.
Igande honetan, adibidez, ilbeltzak 29, 88 minutu pelikula euskaraz ikusgai izanen da 19:30ean, Ziberrean. Horrez gain, xake erakustaldia egiteko asmoa ere badago, baina lerro hauek idazterakoan, data zehaztu gabea zen. Nafarroako bi xake txapeldunek begiak itxita partida jokatuko dute eta partida simultaneak ere jokatuko dira, jokalari bat bertze aunitzen aurka aldi berean. Otsailean zinema eskainiko da, baita martxoan ere. Hilabete honetan kantu zaharren saioa ere eginen da.
Apirilean kintoen eguna eginen da. Egunez desafioak izanen dira eta gauez kontzertua. Mendi irteera ere eginen da. Maiatzean mendi irteera eginen da, eta Euskal Herriko dantza talde baten emanaldia ere bai. Ekainean Sanjuanak ospatuko dira: hilaren 22an kontzertuak izanen dira eta 23an San Juan sua. Mendi irteera ere eginen da, baita dantzari ttiki eguna ere. Uztailean Lesakako Bandaren kontzertua antolatu nahi da eta abuztuko azken asteburuan, Gazte Eguna.
Irailean, Sanmigel bestez gain, mendi irteera eginen da eta urrian bertso saioa eta Euskal Herriko dantza talde baten emanaldia. Azarorako zinema eta magia saioak aurreikusi dira eta abendurako zinema eta dantza ikuskizuna.