Horrela nahi duten Bortzirietako eriak Gipuzkoan artatuak izateko ez da inolako eragozpenik. Hala jakinarazi zien Marta Vera Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak bortz herrietako alkateei urtarrilaren 12an Iruñean egindako bilkuran. Kontseilariarekin batera, Angel Sanz Barea Osasunbideko zuzendaria izan zen eta bortz herrietako alkateak: Jaime Iturria (Arantza), Marisol Taberna (Bera), Migel Mari Irigoien (Etxalar), Lurdes Ibarluzea (Igantzi) eta Peio Etxabide (Lesaka).
Alkateek Bortzirietan zabaldu den kezkaren berri eman zioten kontseilariari, Osakidetzaren aldetik Nafarroako eriei eskaintzen zaien zerbitzuan aldaketak izan direla somatu baitute. Kontseilariak, bere aldetik, Osakidetzak eta Osasunbideak Bortzirietako erien osasun arretan ez dutela inolako aldaketarik agindu jakinarazi zien alkateei. Hain zuzen, alkateek egoera aldaketa salatu zutenean, Nafarroako ordezkariak Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilariarekin harremanetan jarri ziren, eta hauek Bortzirietakoak Gipuzkoan artatuan izateko eragozpenik ez dutela baieztatu zieten.
Beraz, Gobernuaren eta Osasunbidearen arabera, Gipuzkoara joateko eragozpenik ez lukete izanen eriek. Eta zerbait somatuz gero, horren berri emateko adierazi dute alkateek.
Arkupeak-ekin ere bilera
Alkateekin bildu baino bi egun lehenago, Arkupeak elkarteak ere bilera egin zuen osasun kontseilariarekin eta Osasunbideko zuzendariarekin. Berako Lagun Handiak elkartekoEsperanza Ustariz eta Maribi Erro eta Arkupeak-eko presidentea den Pedro Bañares, zuzendaritza batzordeko Jose Mari Irazoki beratarra eta Igantziko ordezkaria den Amador Txoperenarekin elkartu ziren.
Bortzirietako eriak Gipuzkoatik Nafarroara bideratzeko inolako agindurik ez dagoela jakinarazi zien osasun kontseilariak Arkupeak-ekoei, eta Arkupeak eta Lagun Handiak elkarteetako ordezkariek herrialdeen arteko edo zentru medikuen arteko irizpideak bateratzeko eskatu zuten.